NAIZ

Anjel Lekuona nazismoaren biktima omendu dute Busturian, bere jaioterrian

Anjel Lekuona deportazioan hildako busturiarraren omenezko ekitaldia egin dute. Busturiko Udalak oroimenezko totem bat inauguratu du tokiko agintarien eta Txekiar Errepublikako enbaxadorearen aurrean, 2022an ‘Stolpersteine’ bat jarri zen lekuan. Senidetzea sinatu dute Busturia eta Hradistko herriek.

Anjel Lekuona nazismoaren biktimari omenaldia, Busturian.
Anjel Lekuona nazismoaren biktimari omenaldia, Busturian. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

36ko gerran erbesteratu behar izan zen Anjel Lekuona. Handik Hradiskko kontzentrazio esparrura deportatu zuten, antzinako Txekoslovakian, eta 1945ean fusilatu zuten. Astelehen honetan omenaldia egin diote bere jaioterrian, Busturian.

2022an, Gogora Institutuak eta Busturiko Udalak ekitaldi bat antolatu zuten Anjel Lekuonaren omenez, ‘Stolperstein’ galtzada harria jarriz herriko plazan, mundu osoan egiten den moduan, deportatutako pertsonen memoria berreskuratzeko.

Gogora Institutuak 2020an argitaratu zuen ikerketaren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 253 pertsona deportatu zituzten Hirugarren Reicheko esparruetara, eta horietatik 113 hil ziren. Hala ere, Nerea Melgosa Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gogorarazi duen bezala, «bizirik atera zirenen artean, asko hil egin ziren hilabete edo urte gutxira, bizi behar izan zituzten muturreko baldintzen ondorioz».

Anjel Lekuonaren historia bere iloba Anton Gandariasek egindako ikerketa lanari esker ezagutzen da gaur. Berak horrela eman dizkio eskerrak Hradistko herriari: «Senidetze akordio hau lortzeko erakutsi duzuen ahalegin eta ilusioagatik. Harreman kultural adeitsuak sortuko direlako. Hradischkoko biztanleek nazien okupazioan jasan behar izan zenuten oinazeak baita Busturiko biztanleek frankismo garaian jasan zenuten min berak markatuta. Bi herriek pairatu zuten min hori faxismoaren eta intolerantziaren aurkako batasun bihur dadila, eta Busturia eta Hradischko elkarrekin ibil daitezela bakean eta adeitasunean oinarritutako mundu bat lortzeko, munduko beste herrientzat eredu».

Ekitaldian, Busturiko alkate Aitor Aretxaga, Udaleko zinegotziak eta Gandarias bera egon dira, beste senide batzuez gain. Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari Ana Otadui, Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkaria eta Txekiar Errepublikako enbaxadore Libor Seezka ere izan dira.

Nerea Melgosak esan duenez, nazismoaren biktima guztiak gogoratzeko modu bat da hau. «Anjelek bere bizitzak zapuztuta ikusi zituzten beste hainbat pertsona sinbolizatzen ditu, lehenik gerra zibilak eta gero II. Mundu Gerrak. Gizakiaren oinarrizko eskubideen mota guztietako urraketak jasan zituzten pertsonak, eta askatasuna eta demokrazia defendatzeagatik hil zirenak». Eta Lakuako Gobernuaren memoriaren politika publikoen arduradun gisa, «Anjel Lekuonaren memoriak badu, eta etorkizunean ere izango du, leku bat gure memoria kolektiboan» gaineratu du.

Senidetzea

Busturiko Udalak, gainera, Hradistko herriarekin Senidetze Ituna sinatu berri du. Busturiko Udalaren arabera, «bi udalerrien artean dauden adiskidetasun eta senidetasun loturetan oinarritzen da, baita bestearen historia elkarren artean ezagutzearen garrantzian ere, Bigarren Mundu Gerran bi udalerrietako bizkanteen patuak oso lotuta egon baitziren». Bi udalerriek uste dute senidetzea bide bat dela bakea eta herrien arteko harmonia lortzeko eta mantentzeko, bai eta hainbat herrialdetako hirien arteko interes komunak lotzeko ere.

«Mundu osoak bakea nahi du, gaur inoiz baino beharrezkoagoa da. Horretarako ezinbestekoa da herrialdeen arteko harmonia. Barkamena, errekonozimendua, hausnarketa eta ezagutza funtsezkoak dira bakea babesteko. Gure herrian espiritu parte-hartzaile eta integratzailearekin ari gara lanean bake kultura bat eraikitzeko», esan du Aitor Aretxaga Busturiko alkateak.

Senidetzearen beste premisetako bat Busturia eta Hradistkoren arteko adiskidetasun eta lankidetza harremanak sortzea eta elkarren ezagutza sustatzea da. Halaber, bi udalerriek konpromisoa hartu dute lankidetza ekonomiko, material, sozial, turistiko eta/edo kulturaleko harremanak izateko. Helburu nagusia izango da «bi udalerriek lotu zituen zorigaiztoko gertaera historikoei buruzko kontzientzia mantentzea, adiskidetasuna eta lankidetza printzipioetan oinarrituta».

Itun honen bidez, interes komuneko arloetan lankidetza-proiektuak garatzea sustatuko da. Besteak beste, informazioa eta esperientziak trukatzea, historia eta aberastasun kulturala eta naturala ikastea. Sustatuko diren interes komuneko proiektuen artean, gai interesgarriei buruzko hitzaldi-trukeak, liburuen, aldizkarien eta mota guztietako argitalpenen trukea, hizkuntzak zabaltzeko udako ikastaroak, ikasleen eta familien trukea, pintura-, argazki-, zeramika-erakusketak edo izaera artistikoko beste batzuk, jarduera folklorikoak, lan-, arte- eta kultura-lanbideak ordezkatzen dabezen erakundeen arteko harremanak, eta kirol-jarduerak eta -probak antolatzea daude.