Otsailaren 6a mugetan hildako migratzaileen heriotzak gogoratu eta salatzeko nazioarteko eguna da. Hendaian eta Donapaleun elkarretaratzeak eta ekitaldia egin ditu Etorkinekin Diakité taldeak astearte iluntze hontetan, «migratzea eskubidea» dela aldarrikatu eta azken urteetan Euskal Herrian zein Europan hildakoak gogoan hartzeko.
Txalaparta soinuz eta kandelen argiz gogoratu dituzte Hendaian egindako ekitaldian azken urteetan Bidasoako mugan hildako migratzaileak. Bederatzi badira gutxienez, eta horien izenak idatzi dituzte «haien memoria betikotzeko». ‘Euskal Herri harrera herria’ eta ‘Zubiak eraiki, harresiak ez’ zihoten ekitaldiko pankartek eta herritarrek hildakoen izenak idatzirik zeuzkaten afixak zituzten. Ez dituela Bidasoak hil salatu dute, «gobernuek ezarritako mugek baizik».
En la jornada para denunciar las muertes en las fronteras acto de Etorkinekin Diakite en Hendaia. Migratzeko eskubidea aldarrikatzeko ekimena Hendaian. Euskal Herria harrera herria. pic.twitter.com/mqoao8x6WI
— Maite Ubiria (@Maite_Ubiria) February 6, 2024
«Politika hiltzaileen gainetik, mugitzeko askatasuna eta ibilbideen segurtasuna» aldarrikatu dituzte ekitaldian. Eta 2014az geroztik, migratzaileen heriotzak eta desagertzeek etengabe gora egin dutela gogoratu dute. Pertsonen joan-etorri askeak aldarrikatu dituzte, eta mahaigaineratu Europar Batasunaren sorrerako zutabeetako bat izan arren, urrutira jo gabe Euskal Herrian, joan-etorri askeak ez daudela esan, «pasabideetan etengabeko kontrolak» daudelako.
Bestalde, Frantziar Estatu Kontseiluak emandako ebazpena baikorki hartu dute; hala ere, pasabide seguruak galdegin dituzte.