NAIZ

Igeldo toki entitate txikia izateko kontsulta ez loteslea apirilaren 14an egingo da

Igeldo herri entitate txikia izateko kontsulta ez loteslea apirilaren 14an izango da, Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak erabaki duenez. «Ados al zaude Igeldoko toki entitate txikia sortzearekin?» da proposaturiko galdera.

Igeldo udalerria izateko mobilizazioa, artxiboko irudian. Orain, herri entitate txikia izateari buruz egingo dute galdeketa.
Igeldo udalerria izateko mobilizazioa, artxiboko irudian. Orain, herri entitate txikia izateari buruz egingo dute galdeketa. (Gorka RUBIO/FOKU)

Igeldo herri entitate txikia izateko kontsulta apirilaren 14an egingo da, astearte honetan Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak erabaki duenez. Kontsulta egiteko Udalbatzaren oniritzia beharko du. Dena den, galdeketa hau ez da loteslea izango. Igeldoko biztanleen iritzia jasotzea du helburu.

Eneko Goia alkateak adierazi duenez, «toki entitate txikia behin betiko eratzeko bidean aurrera egitea ahalbidetzen digun beste urrats bat ematen dugu, behin proiektua onartuta eta jendaurrean ikusgai egoteko epea amaituta, ez baita alegaziorik aurkeztu».

Orain, Udalbatzak berretsi egin beharko du Tokiko Gobernu Batzarrak hartutako erabakia, baita kontsultarako deialdia, prozedura, egin beharreko galdera eta horrekin lotutako beste xehetasun batzuk ere. Otsailaren 22an egitea espero da.

Tokiko Gobernu Batzarretik kontsultarako proposatzen den galdera honako hau da: «Ados al zaude Igeldoko toki entitate txikia sortzearekin?».

Erantzun posibleak «bai» edo «ez» izango dira, eta ezarritako hautesontzian gutun-azal itxi baten barruan sartuko den boto-paper batean adieraziko dira. Emandako botoan erantzunuk ematen ez bada, boto zuritzat hartuko da.

Bozketa presentziala izango da, apirilaren 14an, goizeko bederatzietatik arratsaldeko zortzietara Itsas Aurre eraikinean (Igeldoko Plaza, 4). Igeldoko toki entitate txikiaren lurraldearen mugan erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsona guztiek izango dute bozkatzeko aukera.

Apirilaren 8tik 12ra aldez aurretik bozkatuko ahal izango da, aurretiko hitzordua eskatuta Partaidetza Zerbitzuaren bulegoetan (Easo kalea, 43).

Bozketa amaitutakoan mahaiak botoen zenbaketa publikoa egingo du eta emaitza zehaztuko da. Aldeko emaitza izanez gero, espedientea Gipuzkoako Aldundira bidaliko da, foru dekretu baten bidez ebatziko dena. Emaitza aurkakoa bada, organu eskudunak jendaurrean eta arrazoituta adieraziko du kontsultaren emaitzak nola eragingo duen proiektuaren bilakaeran.

2019an espainiar Epaitegi Gorenak udalerri bilakatzeko kontsulta baliogabetu egin zuen, aurretik EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epaia berretsiz. Aldundiak udalerria sortzeko aukera ematen zuen dekretuak gutxienez 2.500 biztanle izan behar dituela dioen Estatu mailako legeari eutsi zioten epaileek.

2013an egindako kontsultan Igeldoko biztanleen %61ek egin zuen udalerria izatearen alde, %72,1ko parte hartzearekin.

Ordutik, Igeldoren izaera bereziari erantzuteko herri entitate txikiaren prozesua abiatu zen.