NAIZ

Mariasun Landak eskubiderik ez galtzeko «erne egotea» aldarrikatu du, Emakunde Saria eskuan

Mariasun Landa idazleak eskuratu du aurtengo Emakunde Saria, epaimahaiak esandakoaren arabera, literaturaren bidez emakumeen berdintasunari egindako ekarpenagatik. Landak egungo eskubideak borrokatuz lortuak izan direla gogoratu du bere hitzartzean, eta ez galtzeko, erne egoteko dei egin du.

Mariasun Landa Emakunde saria jasotzen.
Mariasun Landa Emakunde saria jasotzen. (Endika Portillo | FOKU)

Astearte honetan eman diote Mariasun Landa Etxebeste idazleari Emakunde Saria, «neskato, nerabe eta emakumeen berdintasun eta duintasunari egindako ekarpen sortzaileagatik». Ekitaldi hunkigarria egin dute, arduradun politikoen hitzartzeez gain Landaren lagun idazleek osatutako bidea eta idazlearen beraren hitzartzea ere izan baitira. Berak esan bezala, «tarteka irria, tarteka malkoak», baina «opari izugarri handia» jaso duenaren pozarekin joan omen da etxera.

Irri artean kontatu du Emakunde sariak modu oso batean biltzen duela bere bizitzako ibilbidea, «niretzako sari egokia da, nire militantzia eta konpromisoekiko, nire literaturarekiko pasioa, nire gustua lanbide horretarako, merezi badut, oso ongi etortzen zaidan sari bat da».

Atzera begira abiatu du bere hitzartzea, umorez mintzatu zaio gaztetako Mariasuni: «Gazte nintzenean esango balidate: ‘zu haur eta gazte literaturako egilea izango zara’ nik esango nien ‘zer?’ ni gazte harroa nintzen gutxienez Simon de Beauvoir bezalakoa izan nahi nuen!». Euskara gaztarotik helduarora bidean ikasi zuen, etxekoek zekiten arren ez baitzioten irakatsi, «batzuk modu batera militantzen zuten, eta beste batzuek kulturalki militatzen genuen, nire zen hizkuntza ikasi behar nuela».

Zarauzko ikastola toki garrantzitsua izan zen berarentzat, eta kontatu du bertan deskubritu zuela «kontinente berri bat», haur eta gazte literatura modernoarena, «txundituta geratu nintzen, kontunente eder bat delako».

Kontatu duenez gaztetik sumatu zuen emakumearen zapalkuntzarekiko errebeldia eta borrokatu beharra, Pariseko unibertsitatean ikasi zuen, eta bertan emakumeak manifestazioetan ikusten zituelarik, hori Euskal Herrira ekartzeko gogoa izaten omen zuen.

«Ez zait gustatzen jendeak esatea ‘feminista da eta ipuinak idazten ditu umeentzako, eta ipuin feministak’.  Ez da egia eta ez dut onartzen, literatura arte guztiak bezala ez dago inoren zerbitzura. Bizitzak eraman nau nik nahi gabe horra, nire gaiak horiek ziren: ikastolan hezkidetza, unibertsitatean haur eta gazte literaturan rol sexistak deuseztatzea… munduan egoteko modu bat eman dit feminismoak», azaldu du.

Egungo kezkak

Gaztetan zituen ametsez gain, egun kezka asko dituela aitortu du, izan ere, iraganean guztia errazagoa zela iruditzen zitzaion. Literaturan, rol estereotipatuen aurka aurrera urrats handiak eman direla kontatu du, baina  egungo gazte jendeak kezka sortzen diola onartu du: «Pentsatzen dute jada dena lortuta dagoela, nik nire ikasleei esaten diet beraiek gozatzen ari diren askatasun batzuk, adibidez, sinaduta bat izan eta etxebizitza bat erosi ahal izatea edota bikotekidearengandik banatzea, lortutako eskubideak direla, eta lortu bezala kendu ahal dizkigutela. Batzuetan sintoma atzerakoiak ikusten ditut, etsaiak ez dira lehen bezala etorriko, baina etorriko dira, hor daude eta».

Horri lotuta, «erne egotea» aldarrikatu du: «Erne egon behar dugu, eta ez lo, adi egin behar da, zer gertatzen den, non dagoen gure lekua, gure duintasuna emakume bezala, lortu duguna defendatu eta aurrera jo. Ezin dugu eseri eta lasai lo egin».

Indarkeria matxistarekin ere «beldurtuta» dagoela esan du, «hildako bat dagoenero ez dakit zer egin behar dugun, guztiari su eman? Beldurtu egiten nau ikusten dudalako ez dela hobetzen».

Eta amaieran, bart arratsean zirriborratutako ipuin bat kontatu du, printzesen istorio bat, baina bere ohiko estiloak, genero rolak hautsiz eta estereotipoetan erori gabe. Eta bertan ere, printzesarik ez zegoen lo, guztiak zeuden erne.