2023. urtean hasi zen Munduko Pilota Batzarra eta Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzaren arteko elkarlana. Honen helburua «Euskal Pilota Selekzioari ikusgarritasuna ematea da batik bat, Euskal Pilota mundura zabaltzearekin batera», federazioak berak asteazken honetan egindako aurkezpenean aditzera eman duenez.
Iaz antolatu ziren lehenengo bidaia hauek elkarlanean. Mexiko, Estatu Batuak, Bolivia, Uruguai… hainbat herrialdetara iritsi zen Euskal Pilota Selekzioa eta aurten ere asmo berarekin datoz. Hala, beste herrialdeetako pilotariekin txapelketa eta topaketak antolatu dituzte aurten ere, bai atzerrian eta baita Euskal Herrian ere. Horrez gain, «Euskal Pilotarako beharrezko baliabideak» ahalbidetzen saiatzen da federazioa bidai hauen bitartez, herrialde horietako kideei Euskal Pilotarekin bat egitea erraztuz.
Lehenengo geldialdia San Frantzisko (AEBak) izango da, hilaren 14tik 23ra bitartean. Basque Cultural Centerrek antolaturiko Euskal Jaia 2024 dela-eta, erakustaldia eskainiko dute bertan Amaia Irazustabarrenak, Maider Huicik, Leire Galdosek eta Maider Mendizabalek emakumezkoen gomazko palan; eta Beñat Azketak, Iban Matxinandiarenak, Ander Abdon Muruak eta Beñat Garmendiak gizonezkoen eskuz binakakoan.
Martxoaren 17tik 24ra bitartean, Euskal Pilota Selekzioak Meixikoko Xochimilcora hegan egingo du, bertako trinketearen inaugurazioan parte hartzeko. Hala, euskaldunak mexikarren aurka arituko dira trinketean eta ezker paretako eskuz binakako erakustaldi batean.
Hurrengo geltokia etxetik gertuago izango da, Portugalgo Freixo de Espada A Cintan, alegia, apirilaren 2tik 7ra bitartean. Bertan, CIJB nazioarteko erakundearen Europako Pilota Txapelketa absolutua jokatuko dute, gizonezko zein emakumezkoek, wall-ball, llargues, joko internazionala eta pilota portugaldarra modalitateetan.
Uztailaren 23tik 30era bitartean berriro ere AEBetara jauzi egingo du Euskal Selekzioak, hain zuzen ere Boiseraino. Bertako Euzkaldunak Euskal Etxea eta Boiseko Fronton Associationekin batera, Emakumezkoen Lau eta Erdiko Euskal Herria-Basque Country txapelketa antolatu dute.
Belgikako hiriburua, Brusela, 2024ko beste geltoki bat izango da uztailaren 28tik abuztuaren 2ra bitartean. CIJB nazioarteko erakundearen Europako Junior Pilota Txapelketan lehiatuko dira sei gizonezko eta sei emakumezko wall-ball, llargues eta joko internazionala modalitateetan.
Ondoren, Mexiko Hiriak Euskal Selekzioa eta Mexikoren arteko lehia jasoko du abuztuaren 8tik 18ra bitartean gizonezkoen eskuz binaka trinketean.
Bitartean, abuztuaren 12tik 20ra bitartean, Uruguaiko Flores hirian bertako selekzioaren aurkako lehia jokatuko dute erremintan eta emakumezkoen paleta argentinarrean.
Aurtengo ibilbide honetan Miamik (Florida, AEBak) ezin zuen hutsik egin. Abuztuaren 14tik 21era bitartean World Super Court deritzon binakako zesta txapelketa jokatuko dute gizonezko bi pilotarik.
Abenduan etxean eta udalekuak udaran AEBetan
Euskal Herrian egingo duten geldialdia Abadiño-Durangon izango da, abenduaren 26tik 29ra bitartean. Bertan, II. Nazioarteko Trinkete eta Zesta Punta txapelketa jokatuko dute trinketean eta zesta punta binakakoan.
Irteera, erakustaldi eta txapelketa hauez gain, beste ekimen batzuk ere antolatu dira 2024an. Hala nola, ekainaren 16tik 30era bitartean San Frantziskon (AEBak) egingo den udalekua, edota uztailaren 15etik 29ra bitartean Boisen (AEBak) antolatu den pilota campa.