NAIZ

Erdizeko meategi proiektuaren aurka alegazio sinadurak bilduko dituzte Euskal Herri osoan

Erdizeko meategi proiektua Baztango bizimoduarekin «ez dela bateragarria» iritzi du Erdiz Bizirik plataformak. Zentzu horretan, Udalerriz Gaindiko Eragina duen Planaren aurka alegazio sinadurak bilduko dituzte: Baztanen herriz herri, eskualdeka Nafarroan eta Euskal Herriko beste hainbat txokotan.

Elizondon agerraldia egin zuen Erdiz Bizirik plataformak.
Elizondon agerraldia egin zuen Erdiz Bizirik plataformak. (Erdiz Bizirik)

Magnesitas Navarras enpresak 2022ko uztailaren 29an Nafarroako Gobernuan Erdizen meategia eraikitzeko proiektua aurkeztu zuen eta orain UGEP Udalerriz Gaindiko Eragina duen Plan bezala tramitatzea erabaki du. Erdiz Bizirik plataformak, asteazken arratsalde honetan Elizondon eskainitako prentsaurrekoan, «Nafarroako landa eremua indartsu dagoela» aldarrikatu, eta «gure lurra eta bizimodua defendatzen jarraituko dugula» adierazi zuen.

Bide horretan, Baztanen alegazioen sinadurak herriz herri bilduko dituztela iragarri zuten, eta eskualdeka Nafarroan nahiz Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere bai. Alegazio horiek bi modutara sinatu ahalko dira: aurrez aurre eta digitalki.

«Ez dugu onartuko bakar batzuk aberastuko dituen eta urte luzez jasangarria izan den bizimodua desagerraraziko dituen proiektua UGEP gisa inposatzea. Gobernua nahiz haren erabakiak babesten dituzten erakundeak seinalatzera gatoz, behin eta berriz, legealdiz legealdi, tokiko erakundeen autonomiaren gainetik pasatzen ari baitira. Helburu bakarrarekin: herri lurrak ebastea multinazionalei oparitzeko», salatu zuten.

Proiektu hori Baztango bizimoduarekin «ez dela bateragarria» uste dute, «tokiko ekonomian eragin ikaragarriak izanen bailituzke: nekazaritzan, turismoan, ingurugiroan nahiz herritarren osasunean».

Era berean, proiektuaren sustatzaileei «ez entzunarena egitea» leporatu zieten. «Jarrera horrekin erakutsi duten bakarra izan da gure lanpostuak nahiz bizimodua gutxiesten dituztela».

Hori dela-eta, datorren asteazkenean 19:30ean batzar irekia eginen dute, Arizkunenean. «Inposizio honi aurre egiten lagundu nahi gaituzten guztiak gonbidatzen ditugu parte hartzera. Ez dugu etsiko, gure lurrak eta bizimodua defendatzen jarraituko dugu».