NAIZ

Castron hildako emakumearen oroimenez elkarretaratzea egin dute Gurutzetako ospitalean

Astazken honetan Castro Urdialesen hilik agertutako emakumearen oroimenez elkarretaratzea egin dute ostiral honetan Gurutzeta Ospitaleko sarrera nagusiak. Biktimak zeladore gisa egiten zuen lan bertan, eta bere lankideak hunkiturik agertu dira.

Gurutzeta Ospitaleko sarreran elkarretaratzea.
Gurutzeta Ospitaleko sarreran elkarretaratzea. (ESK)

Castro Urdialesen (Kantabria) hildako emakumearen lankideak Gurutzetako Ospitaleko sarrera nagusian bildu dira ostiral honetan, bost minutuz biktima oroitzeko, bertan zeladore gisa lan egiten baitzuen.

Elkarretaratze isila egin dute biktima oroitzeko, eta ekitaldia parte hartzaileen txaloekin amaitu da. Bertako langilea izanik harremana zuen Ospitalearekin berarekin, baina batez ere lankideekin, eta lankideetako asko hunkituta zeuden elkarretaratzean zehar.

Asteazken gauean aurkitu zuten emakume bizkaitarraren gorpua bera bizi zen Castro Urdiales herrian, indarkeria zantzuekin eta auto baten barruan. Zer gertatu zen argitzeko ikerketa egiten dabil Guardia Zibila. Hipotesi nagusia bere bi semeek hil eta autoaren atzekaldean sartu zutela da gaur gaurkoz; eta horregatik, atzo atxiki zituzten 13 eta 15 urteko bi semeak. 14 urte baino gutxiago izateagatik gazteena adin txikikoen egoitza batean dago.

Bere aldetik Castro Urdialeseko udaletxeak hiru eguneko dolu ofiziala deitu du, inauterietako egitaraua bertan behera utziz. Susana Herran Castro Urdialesko alkatea kezkatuta agertu zen, «guztiok pentsatu dugu zer gertatzen ari ote den egun horrelakoak gertatzeko».