NAIZ

EAEko osasun garraioko langileek greba mugagabea hasiko dute otsailaren 19an

Langileak «hitzarmena negoziatzeko mahaiaren blokeoa» salatzera atera dira kalera, «enpresen borondate eskasa eta Osasun sailak sektoreko langileen baldintzak hobetzeko duen ezintasuna» nabarmentzeko. Otsailaren 19tik aurrera, greba mugagabea deitu dute.

Anbulantzia bat, Donostia Ospitaleko larrialdetara iristen. (Gorka RUBIO/FOKU)
Anbulantzia bat, Donostia Ospitaleko larrialdetara iristen. (Gorka RUBIO/FOKU)

Otsailaren 19an, astelehenean, EAEko osasun garraioko langileek greba mugagabea hasiko dute ELA, LSB-USO, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deituta, «Osakidetzako langileen homologazioa eta erosahalmenaren galera berreskuratzeko». Izan ere, ohar baten bidez azaldu dutenez, aldarrikapenak luzatu diren bi urteetan «% 17ko erosahalmena» galdu dute.

Langileak «hitzarmena negoziatzeko mahaiaren blokeoa» salatzera atera dira kalera, «enpresen borondate eskasa eta Osasun sailak sektoreko langileen baldintzak hobetzeko duen ezintasuna» nabarmentzeko.

Negoziazioak hasi zirenetik urtebete igaro ondoren, enpresek ez diete erantzun sindikatuen aldarrikapenei, eta negoziazio mahaiaren bilerak «edukirik gabe» egin dituztela adierazi dut.

«Gaur egun, enpresek finkatzen ez den paga bat eskaintzen dute: %5 zehazki 2022 eta 2023 urteetarako, %2,5 bost urteetako soldata igoerarako, eta zortzi orduko urteko lanaldi murrizketa urtero, indarraldia proposatzen duten 5 urteetan. Ez dute lizentziei buruz hitz egiten, ez familia bateratzeari buruz, ez karrera profesionalari buruz, besteak beste, eta hori oso urrun dago aldarrikapenetatik», gehitu du ELA sindikatuak ohar baten bidez.

Horren aurrean, osasun garraioaren sektorea pandemia garaian «funtsezko zerbitzua izan zela» ekarri nahi izan du gogora sindikatuak, eta, enpresei eta Osasun sailari eskatu diete «bertako langileekin parekatzeko».