Iraitz Mateo
Entrevue
Estibaliz Urresola
«20.000 especies de abejas» filmaren zuzendaria

«Oinak lurrean izan behar dira, filma berdina da sari bat izan edo ez»

Goya sarietarako 15 izendapen zituen «20.000 especies de abejas» Estibaliz Urresolaren filmak eta hiru eskuratu zituen larunbateko galan: zuzendari berri onenarena, jatorrizko gidoi onenarena eta emakumezko aktore onenarena.

Esti, Goya sariak jaso berritan.
Esti, Goya sariak jaso berritan. (Raul Terrel | Europa Press)

Pozik, «bihotza birrinduta», baina nekatuta erantzun ditu Goya Sarien biharamunean Estibaliz Urresola (Laudio, 19884) zinema zuzendariak NAIZen galderak. Egun «kaotikoak» dira horrelakoak laudioarraren arabera, elkarrizketatik elkarrizketara, larunbat gaua nola bizi zuen, aldarrikapenen garrantziaz, «20.000 especies de abejas» filmeko familiaz, egungo zinemagintzaren egoeraz eta gehiagoz aritu da.

Zer moduzkoa izan zen larunbateko Goya sarietako gala?

Oso polita, ederra eta luzea; mirari bat izan da. Nik oso polit gogoratzen dut, taldeko jende guztiarekin batera ospatzen. Oso ederra.

Bide oparoa izan du ‘20.000 especies de abejas’-ek, Berlinetik hasita, Goyetarako ere 15 izendapen; nola kudeatzen dira espektatibak?

Prentsa gutxi irakurriz. Azken asteetan izandako kinielak ez ditut batere begiratu. Saiatu behar zara oinak lurreak izaten, eta zure buruari errepikatzen filma berdina dela sari bat izan edo ez. Sari batek berez ez dio balioa gehitzen, sari batek aitortza bat ematen dizu, baina etengabe gure buruari gogorarazi behar diogu ez erortzeko kinielen dinamika horretan.

Baina ikusgarritasuna ere ematen diote.

Horretarako, bai, balio dute sariek; ibilbide honetan ‘20.000 especies de abejas’-ek izan dituen sari guztiek bizitza berri bat eman diote pelikulari. Jaso ditugun 15 izendapenekin zinema-aretoetan berrestreinatu egin da. Horrelakoek ahalbideratzen dute publiko edo audientzia berriengana heldu ahal izatea. Imajinatzen dut bihartik aurrera egongo dela baten bat gerturatuko dena filma ikustera larunbateko galaren emaitzak ikusita. Ikusgarritasunaren zentzuan on egiten diote sari eta izendapenek filmari.

Zure lanetan emakumeen presentzia handia da. Apropos lantzen duzu ikuspegi hori?

Batzuetan modu kontzientean egiten dut eta beste batzuetan besterik gabe nire errealitatea islatzearen ondorio naturala da emakumean erdigunean egotea. Nire inguruan dauden emakumeak beti dira filmetan ikusi izan ditudan emakumeak baino askoz konplexuagoak, indartsuagoak, poliedrikoagoak, eta hori garrantzitsua da horrela errepresentatzea, gure buruak identifikatu ahal izateko emakumezko profil indartsu, borrokalari, zaurgarri bezala… Batzuetan modu kontzientean egiten dut errepresentazio hori zabaltzeko eta errealitatearekiko fidelagoa izan dadin eta beste batzuetan, sinpleki, erantzun organiko bat da: nolakoa da nire ingurua? Zenbat emakume dauzkat inguruan? Eta horrelakoak idazten ahalegintzen naiz.

«Jaso ditugun 15 izendapenekin zinema- aretoetan filma berrestreinatu da; publiko gehiagorengana heltzen lagundu digu»

Ane Gabaraini Sofia Oterok eman zion saria. Hunkituta ikusi genituen biak, baita talde osoa ere...

Momentu hori galaren momentu hunkigarrienetarikoa izan zen, ez bakarrik guretzat, baizik eta publikoan zegoen jende askok ikusi zuelako momentu horretan zegoen arima. Zein pertsona ezberdinak diren Sofia eta Ane, eta aldi berean ze konexio potentea sortu zen filmean eta filmaz harago. Oso genuinoa izan zen momentu hura. Ane gainera Madrildik zetorren, bere kategoria izendatu baino hamar minutu lehenago iritsi zen, ‘La casa de Bernarda Alba’ estreinatu berritan. Funtzioa egin, antzokitik atera, kotxe bat hartu eta bi orduan Valladoliden zeuden; lan egin eta gero heldu zen, nekatuta, baina iritsi eta saria jasotzea beretzat oso-oso hunkigarria izan zen. Eszenatokira igo eta Sofiak eman zionean saria nik uste dut birrindu egin zela.

Saria jasotzeko momentua ere aldarrikapenerako baliatu zenuen. Biolentzia amaitzeko deia egin eta gauzak izendatzeak duen garrantzia azpimarratu zenuen.

Egia-ostearen garai honetan ikusten dugu oso argiki, eta batzuetan lotsarik gabe, nola errealitatea desitxuratzen  den narratibak nahastuz, eta terminoak lekuz aldatzen ari dira, horren lekuko gara. Pribilegio bat iruditzen zait lekuko izan eta bozgorailu izatea, pelikula bat egitea pribilegio bat den moduan. Filmetan ere nire borondatea gizarte gai edo gatazka bat dagoenean, gerturatu, horretan murgildu eta ñabardura guztietan sartu naizenean, hori islatzen saiatzea da; eta audientziari hori itzuli behar diodala sentitzen dut. Mikrofono batekin egitea ezberdina da, baina pribilegioa da ere eta oso kontziente izan behar gara daukagun aukeraz, jendeak eskura ez duena.

Filmean, ume transen egoera izendatu zenuen; larunbatean, Gazakoa.

Uste dut Gazaren kasuan egoera bat normalizatzen ari garela. Hiru hilabete daramatzagu sarraski hau ikusten eta naturalizazio horrek beldur handia ematen dit. Uste dut inportantea dela izendapenak ondo erabiltzea. Adibidez, bertan gertatzen ari dena ez da gerra bat, ez delako bi estaturen arteko gatazka, ez daudelako bi estatu, baizik eta bakarra beste bat okupatzen, eta horri izena jartzea eta “genozidio” deitzea garrantzitsua dela uste dut.

Orain dela gutxi Naizen elkartearen saria jaso duzue. Sari berezia izan da zuentzat?

Sari hori oso hunkigarria izan da niretzat. Zoritxarrez ezin izan nintzen egon, baina izugarrizko poza eman zidan. Itziar Lazkano joan zen hura jasotzera eta esan zidan gau magikoa izan zela eta izugarrizko berotasuna eta maitasuna jaso zuela. Seguru nago hala izan zela. Aitortza hori oso garrantzitsua da niretzat; beraiek nire eskuetan jarri zituzten beren bizitzetako pasarte oso intimoak. Pasarte batzuk samingarriak, baina askotan pozez eta irakaspenez beterikoak. Sari honek esan nahiko du pozik daudela, edota aitortzen digutela beraiek konpartitutakoarekin zerbait polita egin dugula.

«Orain badago aukera Euskal Herrian bizitzen jarraitu eta zinema egiteko, eta hori oso berri ona da»

Laudion, zure herrian, aratusteak izanik, ‘20.000 erle baietz’ ekimena jarri zuten martxan. Nola jaso dituzu horrelako keinuak?

Batzuetan ikusezina izan nahiko nuke. Laudioko ekimenaren berri eman zidatenean, pentsatu nuen gehiegizkoa zela, ez zela beharrezkoa; normalago bizi zezaten nahi nuen. Baina asteak aurrera joan ahala, sare sozialetatik Laudioko komertzio eta denda txikiek euren eskaparateetan erleekin egindako dekorazioak jasotzen hasi nintzen; ez erleekin bakarrik, ideia hori hartuta imajinario oso batekin. Horrek erakusten dizu herriak zelan bizi duen, zein berea sentitzen duen bide hau, eta hori zoragarria da. Asteetan aurrera joan ahala hunkituz joan naiz. Atzo jendea mozorrotutako argazkiak bidaltzen hasi zen eta hor bihotza erabat birrindu zitzaidan.

Euskal zinemagintzarentzat albiste ona izan zen. Nola ikusten duzu sektorearen panorama?

Oso itxaropentsu eta adi; uste dut zerbait gertatzen ari dela euskal zineman. Industria urrats handiak egiten ari da sendotze aldera eta hori barrutik sentitzen dugu; eta uste dut kanpotik ikusten dela. Geroz eta emakume gehiago ikusten ditut diziplina guztietan, geroz eta jende gazte gehiago ikusten dut filmaketetan, eta hori oso pozgarria da. Pozgarria eta itxaropentsua da niretzat, pentsa dezakezulako zinema egiteko ez duzula Bartzelona edo Madrilera joan beharrik, lehen gertatzen zen bezala. Orain badago aukera Euskal Herrian bizitzen jarraitu eta zinema egiteko, eta hori oso berri ona da, noski.