Joan zen urriaren 2an Emmanuel Macron frantziar presidenteak eginiko iragarpenari segida emanez, Akitania Berriko prefetak, Etienne Guyotek, zehaztu du orotara 2.144 jendarme postu berri sortzera eramango duen planak zer nolako eragina izanen duen eskualdean.
Macronek Tonneisen (Lot-et-Garonne) emandako diskurtsoari bide emanez 238 brigada berri sortuko dituzte, batzuk iraunkorrak eta beste batzuk, ordea, mugikorrak, 2023 eta 2027 urteen artean.
«Lurralde mailan segurtasun sare oso bat berrindartuko dela» ziurtatu du Ipar Euskal Herria bere barne hartzen duen eskualdeko prefetak otsailaren 12 honetan Merignacen (Gironda) eginiko ekitaldi batean.
Akitania Berrian 27 Jendarmeria brigada berri sortuko dituzte ondoko lau urtetan. 2024an zehar lurralde brigada iraunkor bi eta bertze zazpi lurralde brigada mugikor martxan jarriko ditu Jendarmeriak. 2027. urterako, berriz, hamaika brigada iraunkor eta bertze 16 mugikor hedatuko dituzte.
Dagoeneko Emmanuel Macronek Jendarmeriaren zerbitzuak areagotzeko plana aurkeztu zuenean jakitera eman zenez, Pirinio Atlantikoen departamenduan Jendarmeria brigada berri bi plantatuko dira, bata Biarnon eta beste bat Ipar Euskal Herrian.
Akitania Berriko prefetak baieztatu duenez, orduan aitzineraturiko planak aurrera jarraituko du. Hala, Jendarmeriaren brigada mugikor berria Azkainen kokatuko dela berretsi du Guyotek.
Baionan egoitza duen Jendarmeria Konpainiaren aginduetara arituko liratekeen sei jendarmek osatuko lukete Azkainen aurreikusten den brigada mugikorra.
Biarnori dagokionez, hasiera batean Lasseuben aurreikusten bazen ere, finean Jendarmeria brigada mugikorra Gaves et Coteaux herrian kokatuko da.
Denek ez dute begi onez ikusten plana
Pirinio Atlantikoen Prefekturaren arabera, brigada berri bi horiek sortuz «herritarrekiko harrera eta biktimen artatzea» hobetu ahal izango du Jendarmeriak.
Gorputz militar horren presentzia areagotzeko plana onetsi zuen, berehala, Azkaingo auzapeza den Jean-Louis Fornierek. Bere esanetan herritarrei emandako zerbitzua hobetuko duelako.
Alta, oposizioak ez du iritzi bera. Hala Azkaine Bai talde ezkertiar eta abertzaleak kontrako iritzia adierazi zuen iazko urriaren 5ean plazaratu zuen agiri baten bidez.
Izan ere, Azkainen ez dela segurtasun arazo berezirik eta herritik hurbil, Senperen, Jendarmeriak postu bat baduela oroitarazi zuen alderdiak.
Ekologistak eta abertzaleak batzen dituen oposizioko taldeak brigada mugikor berria herrian plantatzeko Barne Ministerioak lituzkeen «egiazko helburuak» salatu zituen.
Bere ustez «etorkinak herrialdetik kanporatzea» edo «elkarte, sindikatu eta euskal militante politikoak zaintzea» izango litzateke Jendarmeriaren kontrolak areagotzeko arrazoi nagusia.
Oposizioko taldearen ustez, frantziar Estatuak «beste lehentasun batzuk» ukan beharko lituzke, esaterako, hezkuntza, osasuna edo trantsizio ekologikoari inbertsioak bideratuz.
Jendarmeria brigada kopurua emendatzeko proiektua Barne Ministerioak 2023ko urtarrilean onartu zuen Norabide eta Programazio Legearen baitan kokatzen da.
2023-2027 artean garatzekoa den egitasmoak 15.000 milioiko aurrekontua du.
Azkaine Baik aipaturiko prentsa-oharrean oroitarazi zuenez lege hori bozkatua izan zenean, ezkerrak baita ekologistek ere kontrako botoa eman zuten frantziar Asanblea Nazionalean.