Agitiko arrain-haztegia desmuntatzeko eta parajea lehengoratzeko bidea has dezala eskatu dio Eguzkik Kosta Zerbitzuari. «Horretarako, batetik, bertan behera utzi egin behar du arrain-haztegia itsas-lehorreko jabari publikoan eraikitzea ahalbidetu zuen emakida, eta, bestetik, enpresari, Culmanor SAri, instalazioak desmuntatzeko eta parajea lehengoratzeko proiektu bat aurkez dezala eskatu behar dio, Kosta Legeak aurreikusi bezala», talde ekologistak azaldu duenez.
Culmanor SAk erreboiloa gizentzeko eta txirla hazteko instalazioak 1989an eraiki zituen Agitin, Igeldoko kostan, Donostiako udalerrian, zehatz-mehatz, itsas-lehorreko jabari publikoko babes-eremuko 21.424 metro koadroko lursail batean. Eguzkiren arabera, horretarako baliatu zen 1991ko apirilaren 8ko ministro agindu baten bidez eskuratutako emakida batez. Arrain-haztegiak 2006an utzi zion funtzionatzeari. Emakida, berriz, 2011n iraungi zen.
Geroztik, enpresa instalazioak berriz ere martxan jartzen saiatu da, erreboiloak ez baizik eta itsas amuarrainak hazteko. Ez du lortu, ordea. Izan ere, instalazioak zeharo abandonatuta eta txiki-txiki eginda daude.
«Nolanahi ere, 18 urte pasatu dira haztegiak funtzionatzeari utzi zionetik eta hamahiru urte emakida iraungi zenetik. Gauzak horrela, logikoa dirudi jabari publikoaren emakida bertan behera uzteko eta parajea lehengoratzeko bideari ekiteak. Kontuan izan behar da ‘arrain-haztegia inguruko paisaia-kalitatearen degradazio-elementu bat’ dela, enpresaren beraren dokumentazioan aitortzen den bezala», nabarmendu du Eguzkik.