Manex Altuna

Raul Garciak ezin izan zuen golarekin ospatu Lehen Mailan jokatutako 600. partida

Garaipenaren gola egiteko aukera izan zuen Almerian, baina bere burukada zutoinera joan zen. 37 urterekin, inoiz baino gutxiago jokatzen ari da denboraldi honetan. Hala ere, ahal den moduan taldeari laguntzeko prest jarraitzen duela azpimarratu zuen partida ondoren egindako adierazpenetan.

Raul Garcia bigarren zatian zelairatu zuen Valverdek Almeriaren aurka.
Raul Garcia bigarren zatian zelairatu zuen Valverdek Almeriaren aurka. (@AthleticClub)

Raul Garciak Ligako 600. partida jokatu zuen Almerian. Zenbaki horren atzean dagoen lana eta urtetako ahalegina nabarmendu zuen nafarrak klub zuri-gorriak sare sozialetan zabaldutako mezuan.

37 urterekin, Lehen Mailan dauden jokalarien artean partida gehien dituen futbolaria da gaur egun. Andoni Zubizarreta atezain ohia eta Betis taldeko ikurra izandako Joaquin dira Raul Garciak baino gehiago jokatu duten jokalari bakarrak. 622 norgehiagokatan parte hartu zuten, eta nafarrak ezin izango du denboraldi honetan marka gainditu.

Izan ere, 14 partida geratzen dira Liga amaitzeko, eta Raul Garcia inoiz baino gutxiago jokatzen ari da. Hirugarren aurrelaria da Ernesto Valverderentzat, Guruzeta eta Villalibreren ostean. Liga eta Kopako 14 partida bakarrik jokatu ditu. Hain zuzen ere, 333 minutu. Adinean gora egin ahala hamaikakoetatik kanpo geratzen joan da. Iaz, 42 partidan parte hartu zuen, baina gehienetan aulkitik atera zen. 1.200 minutu baino gehiago jokatu zituen, aurreko denboraldian Marcelinorekin izan zuen parte hartzearen erdia.

Raul Garciak beti esaten du bere helburua ahalik eta gehien jokatzea dela. Dena den, onartzen du talde zuri-gorrian daukan eginkizuna. Gol telebistan azaldu zuenez, «bizitza etapa eta une desberdinak dira. Izugarri gustatzen zait nire lana, asko gozatzen dut entrenatzen, eta beti saiatzen naiz jendeari laguntzen».

2015eko udan iritsi zen Athleticera, eta 283 partida jokatu ditu zuri-gorriekin Lehen Mailan. Halaber, 216 aldiz defendatu du Atletico Madrilen kamiseta Ligan eta 101 partida jokatu zituen Osasunarekin. Taxoaren hezitako jokalaria talde bilbotarraren ikur nagusienetako bat izan da azken denboraldietan erasoan. Hamar golen langa gainditu du ia denboraldi guztietan, nahiz eta aurten ez duen golik egin, eta iaz hiru sartu.

Raul Garciak gola egiteko abagunea izan zuen partida amaieran burukada batekin. (@AthleticClub)
Raul Garciak gola egiteko abagunea izan zuen partida amaieran burukada batekin. (@AthleticClub)

Hogei urteko ibilbidea dauka futbol profesionalean, eta pisu handiko futbolaria da Athleticen aldagelan. Gazteentzako eredu bat. Horregatik, Iker Muniain eta Oscar De Marcos kapitainek 600 partidak gogora ekartzen zituen kamiseta bat oparitu diote Almeriako partidaren ostean. Raul Garciak bere harrotasuna agertu zuen lorpenarekin, baina «garrantzitsuena» taldea dela eta guztion artean «zerbait handia» egin daitekeela sasoi honetan gaineratu zuen.

Aitortu zuenez, Almerian erdietsitako berdinketa ez zen izan ospatzeko modurik ederrena. Partidaren hondarrean garaipenaren gola egiteko abagunea izan arren, bere burukada zutoinaren aurka joan zen. Paredesek lehen zatiko korner batean izandako errematearekin batera partidako aukera argienak, eta bakarrak, izan ziren. Athletic ez zen batere fin aritu erasoan, eta ezin izan zuen golik egin hamar jokalariren kontra. Garitanok zuzentzen duen taldea sailkapenaren zuloan dago, eta ez du partidarik irabazi Ligan, baina zuri-gorriek ezin izan zituzten gainditu.

Aitzakiarik gabe

Raul Garcia bigarren zatiaren hasieran zelairatu zuen Valverdek. Partida irabazteko erasoan zerbait gehiago egin beharra zegoelako atera zen Iker Muniainekin batera. Nafarrak ez zuen «aitzikiarik» jarri nahi izan, eta «gauzak hobeto» egin behar dituztela esan zuen.

Yeray ere atsekabeturik agertu zen Athleticek Almeriaren aurka emandako mailarekin. «Alferrik galdutako aukera» izan zela azaldu zuen. Bartzelonak eta Atletico Madrilek huts egin ondoren, Txapeldunen Ligako postuetan sartzeko abagunea izan baitzuen talde zuri-gorriak.

Bestalde, Valverdek hitz gutxitan azaldu zuen gertatutakoa: «Horrelakoak gara». Hala da, Athletic ez zen «eroso» egon Almerian. «Egun txar bat» izan zuen, eta ezin izan zuen aurkaria gainditzeko derrigorrezkoa duen «erritmo bizia» inposatu. «Badakigu nortzuk garen, dauzkagun arazoak eta zertan hobetu beharra daukagun», esan zuen teknikariak.

Datorren astelehenean Gironaren kontrako neurtuko dituzte indarrak San Mamesen, eta ikusteke dago lesionaturik dauden Vivian, Nico Williams eta Guruzeta jokatzeko moduan egongo diren.