NAIZ

Iñaki Lopez de Bergara, preso ohia eta Legutioko jarduneko alkatea izan zena, zendu da

Iñaki Lopez de Bergara hil da. 18 urte igaro zituen preso frantziar Estatuan. 1993tik 1999ra, eta 2004tik 2016ra. Ondoren EH Bilduren zinegotzia izan zen Legution, eta jarduneko alkatea bilakatu zen bi alditan, 2019an eta 2022an.

Iñaki Lopez de Bergara, bigarrena ezkerretik hasita.
Iñaki Lopez de Bergara, bigarrena ezkerretik hasita. (@ehbilduLegutio)

Iñaki Lopez de Bergara hil da, preso ohia eta Legutioko alkatea izandakoa. Bere herriko Udalean lanean aritu zen kartzelatik atera ondoren.

EH Bilduko zinegotzia izan zen Lopez de Bergara, eta jarduneko alkatea bilakatu zen bi alditan. Batetik 2019an, Legutioko Udalbatzak Jon Zuazo subiranista izendatu zuen arte, eta hiru urte geroago, 2022an, Juan Cruzek makila hartu aurretik.

Aurretik, Lopez de Bergara 1993an atxilotu zuten frantziar Estatuan eta sei urte igaro zituen kartzelan. Ondoren, 1999an epaitua izan zen Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta libre geratu zen, «in dubio pro reo» erizpidea aplikatu zitzaiolarik.

Baina bost urte geroago, 2004. urtean atxilotu zuten berriro frantziar Estatuan, Limoges hirian. Hamabi urte kartzelan pasako zituen aurrerantzean. 2016ko uztailaren 28an aske geratu zen. Egun horretan atera zen Montpellier eta Marsellaren artean dagoen Arles espetxetik eta Euskal Herria libre itzuli ahal izan zen.

Jarduneko alkatea bilakatu zenean espainiar Estatuko zenbait komunikabidek beraren aurka jo zuten, ETAko kidea izana zela nabarmenduz. PPk eta Covitek ere beraren izendapena kritikatu zuten, eta EH Bilduren kontra aritzeko erabili zuten.