NAIZ
Altsasu

Momotxorroek erretako Israelgo bandera, Altsasutik Al-Jazeerara

Al-Jazeera telebista katean oihartzuna izan du bart Altsasuko ihoteetan Momotxorroek eskainitako ikuskizuna, non izaki adardunek Israelgo bandera erre zuten, Palestinari babesa adierazteko.

Momotxorroak, astearte honetan Altsasuko kaleak astintzen.
Momotxorroak, astearte honetan Altsasuko kaleak astintzen. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Adar, odol eta su arratsalde-gaua izan zen atzokoa Altsasun. Ihoteetan Puska Biltza eguna zuten astearte honetan eta iluntzean Momotxorroek, Juan Tranposok, akerrak eta beste pertsonaia odoltsu batzuek hartu zituzten Sakanako herriko kaleak.

Gero eta jende gehiago erakartzen du ikuskizunak eta aurten, bertaratutakoez gain, mundu guztira hedatu dira bertako irudiak. Izan ere, Al Jazeera katean oihartzuna izan du Momotxorroek, Palestinaren aldeko oihu artean, Israelgo bandera bat erre izana.

«Izaki honek jatorri paganoak ditu eta erdi gizon, erdi zezen, izaki mitiko baten bidez ospatzen du», dio katearen argitalpenak.

Era berean, nafar herri honetan hartutako irudiak oinarri hartuta, «Espainiak Palestina babestu izan ohi duela» nabarmendu dute eta Pedro Sanchezen Gobernuak «Israelek Gazan duen jarrera kritikatu izan duela» gogoratu.

Ez da lehen aldia Euskal Herrian Palestinarekin elkartasunez egiten den ekimen batek Al-Jazeera telebista katean oihartzuna duela. Abenduan Gernikan egin zen mosaiko erraldoia ere nabarmendu egin zuten, Youtube kanalean milaka ikustaldi pilatuz.