Gernika-Palestina deialdi herritarra egiten ari den ‘Elkartasun Aktiboa’ kanpainaren helburuetako bat Euskal Herritik PCHR, Al Hacq eta Al Meza palestinar erakundeek Nazioarteko Zigor Gortean genozidioagatik jarritako salaketa laguntzea da, Benjamin Netanyahu nazioarteko epaileen aurrera eramateko. Ekimen hori zertan den azaltzeko prentsaurrekoa eskaini du gaur Bizkaiko Abokatuen Elkargoan.
Agerraldian Ane Mezo bozeramaileak, Carlos Alberto Ruiz Socha MunduBat GKEko kide den abokatuak eta Urko Aiartza abokatuak osatu den jarraipen taldearen dinamika aurkeztu dute. Halaber, Nazario Oleaga, Amaia Izko, Aitzol Asla eta Iratxe Urizar abokatuak ere egon dira bertan.
Aiartzak azaldu duenez, 2023ko azaroaren 9an, giza eskubideen aldeko hiru erakunde palestinarrek idazki bat aurkeztu zioten Nazioarteko Zigor Auzitegiko Fiskaltzari Palestinan ematen ari diren nazioarteko krimen larrien inguruko ikerketa indartzeko.
Izan ere, honen inguruko ikerketa 2019tik abiatuta dauka Fiskaltzak. Palestinako Gobernua 2015ean gehitu zen Erromako Estatutura eta 2018an eskatu zuen ikerketa bat burutzea palestinarren lurralde okupatuetan ematen ari ziren balizko gizateriaren aurkako krimenen inguruan. Auzitegiak eta Fiskaltzak 2019an esan zuen betetzen zirela irizpide legalak ikerketa abiatzeko.
Hortik aurrera, ikerketa abian da, eta 2021ean gizateriaren aurkako krimenak gertatzen ari zirela esateko balizko elementuak bazeudela adierazi zuen Karim Khan fiskalak. Aipatzekoa da Israelgo Estatuak debekatu egin diola Khani Israelen eta Palestinan sartzea.
Ruiz Sochak defendatu du Euskal Herritik ezin da beste alde batera begiratu Palestinan eta, zehazki, Gazan gertatzen ari denaren aurrean: «Genozidio bat egiten ari da, eta eskakizun moral eta politikoen mailan egon behar dugu. Horregatik, ekimen juridiko hori babestu behar da».
Horregatik guztiagatik, gaurko prentsaurrekoan egon diren abokatuek ekimen honekiko bere konpromisoa agertu dute eta euskal herritarrei parte hartzeko deia egin diete, ES0530350083240830140015 kontu korrontean (Laboral Kutxa) ekarpen ekonomikoak eginez.