Iraitz Mateo

Behe Bidasoako Trantsizio Ekosozialerako Behatokia aurkeztu dute

Behe Bidasoako Trantsizio Ekosozialerako Behatokia sortu dute, eskualdeko egoera aztertu eta trantsizioan ekarpena egin dezaketen proiektuak sortzeko. Aurtengo edizioan ikerketan zentratuko dira eta zaintzaren, ekonomia zirkualarraren eta enpresen saretzeak ireki ditzaketen bideak aztertuko dituzte.

Enekoitz Etxezarreta eta Dornaku Lantz, behatokiaren aurkezpenean.
Enekoitz Etxezarreta eta Dornaku Lantz, behatokiaren aurkezpenean. (Andoni Canellada | FOKU)

«Bizitzen ari garen krisi hauei guztiei erantzuteko Bidasoaldean zer egin dezakegu? Eta nola?» galdera horri tiraka sortu dute Bidasoaldean Trantsizio Ekosozialerako Behatokia. Ostegun goiz honetan aurkeztu dute BDS kooperatibak EHUko Gezki ikerketa institutuarekin elkarlanean sortutako proiektua, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikorako Sailak diruz lagundutakoa.

BDSKoopeko Dornaku Lantzek azaldu ditu behatokiaren nondik norakoak eta Gezki ikerketa institutuko Enekoitz Etxezarretak eman ditu zehaztapenak unibertsitatearen ikuspegitik. Lantzek BDSKoopen oinarriak gogoratu ditu lehendabizi: «Gizarte ekonomiak gure eskualdean sustatzeko elkartea da, guztia horren baitan ulertzen dugu. Eskualdeko beharrak identifikatzen saiatzen gara, eta trantsizio ekosoziala deitzen zaionari erantzuteko zein aukera, zein potentzialitate eta gure lurraldearen aukerak zeintzuk diren aztertu nahi ditugu».

Horretarako sortu dute behatokia. Baina ohiko behatokia izateaz gain, alor praktikoa ere landuko dute. Izan ere, behatokien zeregin nagusia datuak ezagutu eta zabaltzea izaten dela azaldu du Lantzek, baina beraiena ez dela horretara mugatuko aurreratu du: «Ez da maila teorikoan geratuko den behatoki bat bakarrik, baizik eta datuen erakusketatik harago joateko asmoa duen proiektua da. Krisi hauei erantzuteko Bidasoaldean zer egin ahal den eta nola egingo dugun hausnartzeko gunea».

Lehendabiziko edizioa 2024ko uztailera bitartekoa izango dela kalkulatzen dute, eta aldi horretan datuak landuko dituzte; uztailetik aurrera, ordea, lortutako datuetatik alternatibak edo bestelako proiektuak irudikatzen eta sortzen ahaleginduko direla aurreratu dute. «Baina ikerketaren ondorioak izan arte ez dakigu zein izango den hurrengo urratsa, seinale txarra litzateke ikerketarik egin gabe erabakita izatea», adierazi du Lantzek.

Hiru ildo nagusi

Behatoki horretan hamaika gai sartu zitezkeela esan dute, baina lana fintze aldera hiru gai aukeratu dituzte eta horiek landuko dituzte, momentuz. Lehenengoa zaintzarena izango da; «zaintza kooperatiba bat sortzeko interesak eta aukerak» aztertuko dituztela esan du Lantzek, gaiaren inguruan oraindik «ezagutzeko asko» dugula ohartarazi du eta momentuz, entzuketa lanean jarri behar dela arreta.

Bigarrenik ekonomia zirkularraren gaia landuko dute. «Gai hau beti geratzen zaigu oso airean  eta lurreratzeko asmotan eskualdean agroelikadurak eduki ditzakeen aplikazio ezberdinak aztertu nahi ditugu». Eta hirugarrenik, «polo-kooperatiboak» landuko dituzte eta enpresen saretzeak eskualdean izan ditzakeen inpaktuen inguruan ikertuko dute.

Etxezarretaren iritziz, «oso gai egokiak eta pertinenteak» dira BDSKoopek hautatutakoak. Eta beraiek proposamena jaso bezala ildo bakoitzaren inguruan ikerketa institutuan aurrez aztertutakoak kontatu ditu. «Zaintzaren gaia landu izan dugu, baina ardura komunitariotik planteatzen hasi behar dugu, eta horretarako, beharrezkoa izango da inteligentzia kolektiboa».

Ekonomia zirkularra «burujabetzen ideiarekin lotu» beharra ikusten du Etxezarretak; berrikusketa bat behar du orain arte ekonomia zirkularraren inguruan egindakoak bere iritziz. «Logika sozial eta solidarioak elkartu behar dira», adierazi du aurkezpenean. Eta polo-kooperatiboen inguruan hitz egindakoan, BDSKoop jarri du adibidetzat, erreferentziazko proiektuak egun badaudela esan du eta «hazteko estrategiak» pentsatu behar direla.

Jakintza partekatua

Gezki EHUko ikerketa institutua da eta 30 bat ikertzailek osatzen dute. Etxezarretak aurkezpenean kontatu du Euskal Herria kooperatibismoagatik munduan ezaguna dela, baina unibertsitate publikoan horrek isladarik ez zuela eta horregatik sortu zutela Gezki, baita ideia horri lotutako master bat ere.

«Gure bokazioa ekonomia sozial eraldatzailean dabiltzan herri eragileekin elkarlanean aritu eta gure ekarpena bertan egitea da», azaldu du, eta horretarako masterreko ikasleak bideratzen dituztela proiektu ezberdinetara. Izan ere, Etxezarretak jakintzak bi norantza dituela uste du: unibertsitateetatik eragileetara doana, askotan metodoarekin lotuta; eta eragileetatik unibertsitatera joaten dena, egunerokotasunak ematen duen ezagutza.

BDSKoopeko kideekin batera hiru ikaslek hartuko dute parte ikerketa prozesuan, parte-hartzailea izatea nahi baitute. Eta garrantzi berezia ematen diete kooperatiban baldintza duinei; hori bermatzeko beka bat atera dute, guztira 6.000 eurokoa. Hala, ikasle bakoitzari bi mila euroko ordainsaria emango zaio prozesuan parte hartzeagatik.