(E)rrealistak izan behar dugu

Erasoko jokalariak itzalean geratzea ez da inoiz zantzurik onena, eta PSGren aurkako partidan Igor Zubeldiak eta Robin Le Normandek egin dute distira. Itzulerako partidarako, gaizki egindakoak ikasi eta ondo egindakoak errepikatu.

Kylian Mbappe Realaren aurkako erasoaldi batean.
Kylian Mbappe Realaren aurkako erasoaldi batean. ( Franck FIFE | AFP)

Harro egoteko modukoa da Realak lehen zatian egin duena: PSG estu hartu du, eta parez pare aritu da izarrez betetako talde baten aurka, non eta Printzeen Parkean. Ez da gutxi eta horri balioa eman behar zaio. Bigarren zatian, ordea, hamar minututan partidak ihes egin dio, -kanporaketak ez, ordea- Luis Enriqueren taldeak emandako bi kolpetan: lehena Mbappek sareratu du korner baten bitartez, eta bigarrena Barcolak.

Imanol Alguacilek aho bizarrik gabe esan zuen partida osteko prentsaurrekoan, «ezin ditugula bi akats horiek egin horrelako talde baten aurka», eta gogor mintzatu zitzaion Traoreri, bere izena aipatu ez zuen arren. Orioko entrenatzaileak azpimarratu zuen jaso zituzten bi golak beraiek egindako «bi opari» izan zirela, eta nabarmen seinalatu zuen eskuin hegaleko atzelaria.

2-0 joanda markagailuan, nahia eta ezina batu zaizkie txuri-urdinei. PSGk ondo kudeatu du errenta, erakutsita zergatik den hautagai bat denboraldiro Txapeldunen Liga altxatzeko, azken zazpi final zortzirenetatik bostetan kaleratua izan den arren. Ea ba erronda hori kontrako eztarritik joaten zaion PSGri Anoetako itzuliko partidan, martxoaren 5ean.

Erasoko jokalariak itzalean geratzea ez da inoiz zantzurik onena. Itzalpean aritu ziren Ander Barrenetxea, Andre Silva, Brais Mendes, Zubimendi… Merino eta Kubo agian inspiratuago, bereziki japoniarra lehen zatian.

Halakoetan, atzelariek dute lantegirik zailena, eta atzo distira egin zuten Igor Zubeldiak eta Robin Le Normandek, partida ikusgarria eginda, bereziki azkoitiarrak. Tente eta tinko eutsi zion Mbapperi, eta frantziarra iskin egiten saiatu zen bakoitzean hortxe topo egiten zuen Zubeldiarekin. Remirok ere merituzko pare bat geldiketa on egin zituen.

Pariseko partidatik Realak ikasgai hau hartuko du: gaizki egindakoak ikasi eta ondo egindakoak errepikatu. Zergatik ez amestu, Realak Anoetan Printzeen Parkekeko lehen zatiko bere bertsiorik onenean jokatzen badu.

‘Realistak eta errealistak’ izan behar dugu, aldi berean, inoiz baino gehiago. ‘Realistak’, bihotzari jarraituta, eta errealistak, buruarekin pentsatuta. ‘Realistak’ zaleak itxaropentsu daudelako, eta taldea gai ikusten dutelako PSG bezalako aurkari bati estu hartzeko, eta aldi berean, ‘errealistak’, hain justu ere, PSG Txapeldunen Liga irabazteko dagoelako, eta talde handietako bat delako. Hankak lurrean, baina hegan egiteko esperantzarekin.