NAIZ

DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa batzen dituen Hezkuntza Orientazio Plana ondu du Lakuak

Lakuak Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa batzen dituen Hezkuntza Sistemaren Orientazio Plana aurkeztu du ostiral honetan, ikasleentzat laguntza jarraitua eta sistematikoa bermatzeko helburuarekin.

Ezkerretik eskuinera, Lucia Torrealday, Begoña Pedrosa eta Jorge Arevalo, aurkezpenean.
Ezkerretik eskuinera, Lucia Torrealday, Begoña Pedrosa eta Jorge Arevalo, aurkezpenean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ikasleek beren proiektu pertsonalei eta profesionalei buruz erabakitzeko gaitasuna izan dezaten laguntza jarraitua eta sistematikoa bermatzeko Hezkuntza Sistemaren Orientazio Plan berria ondu du Lakuako Gobernuak. Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa batzen dituen bakarra da Estatu espainolean.

Donostian aurkeztu dute ostiral honetan Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak eta Lucia Torrealday Aniztasunaren eta Hezkuntza Inklusiborako zuzendariak.

Ikastetxe publikoetan eta itunpekoetan «irakasle orientatzaileen lana indartzeko, inpaktua handitzeko eta ikasle guztien garapen gorena ziurtatzeko» helburua du, azaldu du Lakuak ohar batean. Horretarako, ikasleen beharrak, ezaugarriak eta testuinguru pertsonala hartuko dira kontuan.

Bigarren Hezkuntzako etaparako (2023-2026) planak printzipio hauek ditu oinarri: haurren eskubideak babestea, unibertsaltasuna, prebentzio integrala eta ikasle guztien ahalmenak ahalik eta gehien garatzea. Halaber, funtsezko hiru zutabe ditu: orientazio akademikoa eta profesionala, bizikidetza positiboaren garapena eta aniztasunari eta hezkuntza-inkusioari eman beharreko erantzuna.

Lanbide Heziketarako Orientazio planak berrikuntza, ekintzailetza, nazioartekotzea eta lanbide orientazioa bera biltzen ditu. Hiru eremutan biltzen da: orientazioa psikopedagogikoa, ikasleen ongizate emozionala bermatzea helburu duena; LHko orientazioa eta bitartekotza, bizitza osoko ikaskuntza indartzeko.

Hezkuntza sailburuoreak azpimarratu du garrantzitsua dela hezkuntza-sistemak nahikoa tresna izatea ikasleei beren garapen sozial, akademiko eta pertsonalean laguntzeko. Bestalde, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak adierazi duenez, LHko ikasleak eremu zehatzako batera bideratuta badaude ere, «orientazioak ikasketekin jarraitzeko edo lan-irteera bat argitzeko balioko du».