NAIZ

Zaintza lanen pribatizazioarekin amaitzea eta langileen lan baldintzak duintzea eskatu du LABek

LABek kontzentrazioa egin du Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Zaintzaren arloan ari diren langileen izaera publikoa nabarmendu du sindikatuak, «zaintzarekin negoziorik ez egitearen eskaera luzatzerekin batera». KPIa bermatu eta ratioak hobetzea ere eskatu du LABek.

LABen manifestazioa, Foru Aldundiaren aurrean.
LABen manifestazioa, Foru Aldundiaren aurrean. (Gorka RUBIO | FOKU)

LABek auto-karabana eta kontzentrazioa egin ditu ostiral honetan Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, zaintzaren arloan pribatizazioaren amaiera eta zaintza lanetan diharduten langileen lan baldintzak duintzea eskatzeko.

Sindikatuak zaintzaren arloan ari diren langileen «izaera publikoa» nabarmendu du eta «zaintzarekin negoziorik ez egitea» eskatu du. KPIa bermatu eta ratioak hobetzea ere aldarrikatu du.

LABetik langileek bizi duten egoeraren «erantzule zuzenak diren Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariak darabilten jukutria» salatu nahi izan dute: «Urteak dira, gure agintariek patronalarekin eskutik helduta, zaintza lanekin lotutako lanpostuak pribatizatzeari ekin ziotenetik. Ordutik, negozio bilakatu dira zahar egoitzak, etxez etxeko laguntza, aniztasun funtzionalari loturiko zerbitzuak, esku hartze sozialean barnebiltzen direnak eta enpresa pribatuen irabaziak bihurtu dira lehentasuna, kalitatezko zaintza eta gizarte zerbitzuak jasotzeko eskubidearen ordez».

«Joera kapitalistaren baitan, zaintzaren merkantilizazio prozesuan eta emakume langileen prekarizazio prozesuan sakondu eta benetan funtsezkoak diren zeregin hauei etekin ekonomikoa ateratzeko apustua egin zuten», azpimarratu dute.

LABen ustez, «Gipuzkoako Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuaren menpe dauden azpisektore guztiak antzeko egoeran aurkitzen dira pribatizazioaren eraginez», KPIaren bermerik gabe zaintza eta gizarte zerbitzuetako langileentzat.

Horri buruz, sindikatuak gehitu du Aldundiak «gehiegizko lan karga jasanezinak ezartzen dituela zerbitzu guztietan» eta, kasu askotan,«ratio horiek ez direla betetzen». «Ratioak hobetzea urgentziazko kontua da, gehiegizko lan kargak langileen osasun fisiko eta psikosozialean kalte larriak eragiten ari direlako», azaldu du sindikatuak.

Azkenean, «pribatizazioarekin amaitzea eta zaintza lanetan dihardugun langileon lan baldintzak duintzeaz gain», «zaintza lanei zor zaien errekonozimendu sozial, politiko eta ekonomikoan urratsak ematea» presatu zuen LABek. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiari bilera eskaera egin diote.