Denboraldi «kaskar» batean, derbia izan liteke konfiantzaren topaleku

Esther Arrojeriak (Usurbil, 1994) eta Olaia Luzuriagak (Iruñea, 2001) larunbat honetan, 18.00etatik aurrera, partida handia jokatuko dute, euskal derbia, alegia. Arrojeriaren taldea, Bera-Bera, sailkapenean hirugarren dago 26 punturekin, eta Luzuriagarena, Beti Onak, bederatzigarren, 12 punturekin.

Elke Karsten baloiarekin eta Esther Arrojeria atzean, Beti Onaken aurka jokatu zen derbian, Donostian.
Elke Karsten baloiarekin eta Esther Arrojeria atzean, Beti Onaken aurka jokatu zen derbian, Donostian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Betidanik gustatu izan zaie eskubaloia Esther Arrojeriari eta Olaia Luzuriagari. Txikitan zenbait kirol probatu ondoren –judoa, besteak beste–, eskubaloia aukeratu zuten. «Lehenengo judoa egiten nuen eta gero eskola-kirolean sartu nintzen futbola eta eskubaloia egiteko, baina hasieratik nahiko argi nuen eskubaloiaren bidetik joango nintzela», adierazi du usurbildarrak. Luzuriagak, ordea, judoa eta eskubaloia uztartu zituen. «Egia da txikitan kirol asko probatzen dituzula. Azken urteetan judoaren eta eskubaloiaren artean aukeratu behar nuen eta, azkenean, eskubaloiarekin geratu nintzen».

Arrojeria beti Bera-Beran egon da eta «bere etxea» bezala definitzen du. «Zortea izan dut nire ibilbide guztia klub berean egiteko. Gainera, Espainia mailan onenetarikoa dela esan dezaket. Onartu behar dut ibilbide on bat egiten ari naizela, eta horrela jarraitzea espero dut». Luzuriaga, berriz, 2019an Beti Onak taldearekin fitxatu aurretik, Anaitasunan ibili zen: «11 urterekin Anaitasunan hasi nintzen. Haurtzaroko zati bat han pasatu ondoren, giroz aldatzea erabaki nuen. Denbora asko eman nuen pentsatzen, baina uste dut erabaki zuzena hartu nuela».

Usurbildarra, 30 urterekin, beteranoa da eskubaloiaren munduan. Iruindarra, berriz, 22 urterekin «eredua» da bere taldearentzat. Biek dute zeregin gogorra pistaren barruan: kapitainak izatea. Arrojeria, Alba Menendezen atzetik, Donostiako klubeko bigarren kapitaina da, eta Luzuriaga, Atarrabiako taldeko erreferentzia nagusia. «18-19 urterekin iritsi nintzen Bera-Berara. Taldeko gazteenetariko bat izatetik beteranoetarikora izatea pasatu naiz. Adinarekin eta kantxan izandako minutuekin, nahi edo ez, heldutasun maila bat iristen zaizu. Hau da, ez naiz duela 10 urteko jokalari bera», dio Arrojeriak. «Hain gaztea izateko, asko hazi naiz. 22 urterekin, nire seigarren denboraldia da. Kirolari gisa hazi ez ezik, pertsonalki eta mentalki ere hazi naizela esan behar dut. Arlo mentalean aurrerapen handia izan dut, baina oraindik kostatu egiten zait. Txikia nintzenean, orain baino askoz gehiago frustratzen nintzen, nire buruarekin zorrotza naizelako», aipatu du Luzuriagak.

Denboraldi hau nahiko «kaskartzat» hartzen dute bi taldeko kapitainek. Sailkapenean Bera-Bera hirugarren dago 26 punturekin, eta Beti Onak, aldiz, bederatzigarren 12 punturekin. Arrojeriaren ustez, taldea «nahiko irregular dago denboraldi honetan. Ez dut gogoratzen orain galtzen ari garen adina puntu galdu ditugunik aurreko urteetan. Batez ere etxetik kanpo asko sufritu dugu. Egia da bi puntutara daukagula liderra eta oraindik bost jardunaldi hauetan denetarik gerta daitekeela». Bestalde, Luzuriagak uste du taldean aldaketa asko izan zituztelako etorri zela arazoa: «Egia da aldaketa asko izan genituela, eta horrek eragin zigun, batez ere denboraldiaren hasieran, ez asmatzea. Oraindik ez dugu gure maila hoberena eman, baina pixkanaka-pixkanaka ematen ari gara, eta taldea askoz hobeto ikusten dut».

Ospe handia Euskal Herri mailan

Gaur, 18.00etatik aurrera, Euskal Herriko derbia jokatuko da Hermanos Indurain Udal Kiroldegian. Bi taldeek bi puntuak beharko dituzte, baina ondo dakite partida zaila eta lehiakorra izango dela.

«Gogor ikusten dut. Iaz kantxa bete zela ikusi genuen», iritzi du Arrojeriak. Luzuriaga, aldiz, «partida oso zaila» izango delakoan da. Bera-Bera Liga irabazteko hautagaia da. Etxean jokatzen dugu. Akats asko egiten ez baditugu, irabazteko aukerak izan ditzakegula iruditzen zait».

Urrian, Gaskan, gipuzkoarrek 36-22 irabazi zieten nafarrei, baina «sufrituko dutela» uste du Arrojeriak. «Erne joan behar dugu Atarrabiara. Nahiz eta sailkapenean diferentzia hori egon, ezin gara fidatu», adierazi du. «Baloiak ez galtzen saiatu behar dugu. Bera-Bera talde azkarra da eta asko zigortzen ditu egin ditzakezun akatsak», esan du Luzuriagak.

Donostiako klubeko kapitainak, Beti Onak-ek talde polita daukala iritzi dio: «Iaz eman zuten maila gustatu zitzaidan, eta denboraldi honetan gainditu dutela uste dut. Baloia oso ondo mugitzen dute. Bestalde, pibotean fisikoki ahaltsu bat daukate. Arazoetan sartuko gaituen talde bat da». Iruindarrak, ostera, Bera-Bera talde potentea dela deritzo. «Donostian jokatu genuen partida hori Ligako txarrena izan zen. Jarrera falta izan zitzaigun».

Kirol guztietan gertatzen den bezala, bakoitzak bere bertuteak eta akatsak ditu. Bera-Berako kapitainaren ustez, «abiadura, aldi berean, bertutea zein akatsa izan daiteke. Batzuetan azkar jokatzeak askoz akats gehiago eraginarazten dizkizu. Bestalde, ona naiz baloirik gabe jokatzen. Denboraldi honetan ez dut nire alde hori ustiatu, baina asma dezaket». Beti Onakeko kapitainak, adibidez, langile eta anbizio handiko neskatzat dauka bere burua: «Uste dut anbizio handia izatea akats bat izan daitekeela, ezin baitut prozesuaz gozatu».