Iraitz Mateo

‘Hamarreko bitxia’, Geuretik Sortuak bekaren hamar kontakizuneko uzta kalean da

Udalbiltzak 2021az geroztik antolatzen duen Geuretik Sortuak sormen bekaren bigarren edizioaren uzta biltzen hasiak dira. Astelehen honetan, literaturaren alorrari dagokion ‘Hamarreko bitxia’ liburua aurkeztu dute Donostian; 10 idazleren kontakizunak biltzen ditu liburuak.

‘Hamarreko bitxia’ liburuaren aurkezpena
‘Hamarreko bitxia’ liburuaren aurkezpena (Jon Urbe | FOKU)

Sortzaileak eta herriak gurutzatzea du helburu Udalbiltzaren Geuretik Sortuak bekak; sortzaileek egonaldiak egin ditzaten herri berriak ezagutu eta Euskal Herri anitz bat irudikatuz. Bekaren bigarren edizioko literatura arloko uzta aurkeztu dute astelehen goiz honetan Donostian, ‘Hamarreko bitxia’. Euskal Herriko sorkuntzari «bultzada eta plaza» emateko sortu zuen Udalbiltzak beka hau, eta hala azaldu du aurkezpenean Clara Rouget Udalbiltzako zuzendariak.

Bigarren edizioa «emankorra» izan dela azaldu du Maria Oses Udalbiltzako kultur teknikariak, literaturaren, zinemaren, antzerkiaren eta komikigintzaren alorrean 22 sortzaile eta 39 herri elkartu dituzte.

Literaturaren alorreko hamar kontakizunak biltzen dituen liburua aurkeztu dute astelehen honetan. Jon Abril, Maite Aizpurua, Saioa Alkaiza, Maddi Arocena, Lutxo Egia, Idoia Etxeberria, Edorta Jimenez, Maitane Perez, Gaizka Sarasola eta Ainhoa Urien izan dira beraien kontakizunekin liburua osatu dutenak, eta Ainara Azpiazu, ‘Axpi’ izan da liburuaren azalaren egilea.

«Bere historia kontatzen ez duen herria, ez da existitzen, momentu honetan herri honen historia kontatzeko tresna eta makineria artistikoa ez da gustatuko litzaigukeen bezain indartsua, orain, inoiz baino gehiago memoria gordeko duen historia eraiki behar dugu», adierazi du Rougetek aurkezpenean, sorkuntza lanek, sormena lantzeaz harago herri ekarpen bat egiten dutela gogoraraziz.

Lau harribitxi

Bekan parte hartutako lau idazle ere aurkezpenean izan dira, bakoitzak egonaldia nola bizi duen kontatu eta bere kontakizunaren abiapuntua zehaztu dute. Jon Abrilen iritziz, hamar kontakizunak ezberdinak badira ere badute batzen dituen puntu bat: «Gure sorlekutik atera gara sakonki ezagutzen ez dugun tokira, eta horrek sormenean sugar bat piztu digu».

‘Odolustu’ kontakizuna idatzi du Abrilek, Atharratzen izandako egonaldian. Bekara aurkeztu zenean, herri txikien hustutzearen gaia hautatu zuen, eta egokitu zitzaion herria oso ona iruditu zitzaion, «pribilegioa izan da Zuberoan lan egitea». Elkarrizketa asko izan dituela kontatu du, eta elkarrizketa horietatik abiatuta «inplizituki, gauza asko» daudela aurreratu.

Idoia Etxeberria Zaldibian eta Ataunen izan da, eta ‘Bai, koanto!’ narrazioa izan da bere emaitza. «‘Herri txiki, infernu handi’ hartu nahi nuen gaitzat, baina ez ‘ze polita auzolana, ze jatorrak euskaldunak’ kontatzeko; nahi nituen istorio ilunak eta barrua mugiaraziko digutenak idatzi». Lekura iritsi arte ez zekien zeren inguruan idatziko zuen, eta prozesua polita izan dela nabarmendu du. Izan ere, idaztea gustatzen zaion arren, horretarako denborarik hartzen ez duela, eta bekak horretarako bide eman diola aitortu du.

«Mapa eta lurraldea zalantzan jartzea izan da kontakizuna; mapak marraztu egiten dira eta lurraldeak aldakorrak dira», adierazi du Ainhoa Urienek. ‘Mapa ez da lurraldea’ du izenburua, eta Goi Erriberako bost herritan egin du egonaldia: Mendabia, Lodosa, Sartaguda, Andosilla eta Sesman. Mugaren inguruan idazteko gogoa zuela aitortu du, eta mugako herriren bat egokia litzatekeela azaldu zuela beka eskaeran, «hegoaldeko muga egokitu zitzaidanean sorpresa eta poz handia hartu nuen». Paisaia asko aldatzen dela nabarmendu du, eta horrek bizimodua ere aldarazten duela: «Nekazaritzatik asko bizi den herri bat paisaiaren arabera asko aldatzen da». «Euskal Herria hegemonikotik kanpo dagoen Euskal Herria» dela kontatu du, eta esker ona adierazi bertako euskaltzaleei: «Ez da batere erraza bertan euskaraz bizitzea, borondate handia behar da».

Antzerkigintzatik zetorren Maite Aizpurua, eta bekari esker literaturan lehen urratsak eman dituela kontatu du: «Idazteak beldurra ematen zidalako eman nuen izena». Eta hasiberria den disziplina horretan, bekak «esperimentaziorako aukera, tokia eta babesa» eman izana eskertu du.

‘Esnatze basa’ izan da ondutako lana, eta Araitzen, Larraunen eta Betelun igaro zituen bi aste. Disidentzia sexuala eta deserrotzea landu nahi zituen bere lanean, herri txikietan, batez ere. «Sorpresa hartu nuen, uste nuen aliantza batzuk bilatuko nituela gazteekin, gaztetasunetik idaztera nindoan, eta neskazaharrez osatutako bailara topatu nuen», adierazi du, sorpresatik baina pozetik.

Bekaren garrantzia

Aizpuruaren ustez, belaunaldi eta leku ezberdinetatik datozen sortzaileen lanak biltzen ditu liburuak, eta bakoitzak zertan arreta jartzen duen suma daiteke. Bera bi apunte egitera ausartu da, eta «nik baino gehiago dakien batek» ikertzea interesgarria litzatekeela gaineratu du: «Gazteon narrazioak fragmentatuagoak daude, egunerokoari garrantzi gehiago ematen diogu, gai jakin batzuei leku gehiago; narrazio jarraituaren ezintasuna agerian dugula esango nuke».

Sortzaile guztiek azpimarratu dute bekaren garrantzia, Abrilek baldintza onak azpimarratu ditu, eta sorkuntza prozesu osoa biltzen duela txalotu, sorkuntza lanetik hasi eta argitalpen zein aurkezpenetaraino. Urienek, «beken mundua nahiko perbertsoa» dela azaldu du, eta kasu honetan, «beka oso duina» dela baieztatu: ekonomikoki, harremanak sortzeko unean eta publikatuko dutenaren segurtasunarekin.

«Hizkuntzaren aferari ekarpen garrantzitsua egiteko asmoz hasi zen proiektua, hizkuntza zabaltzeko eta Euskal Herriari ikuspegi propio bat eskaintzeko parada zoragarria da», ohartarazi zuen Udalbiltzako zuzendariak. Eta amaitzeko, parte hartzen duten herriei eta sortzaileei eskerrak eman dizkie, «funtsezkoak dira» proiektua hau aurrera eramateko. Hurrengo urratsa zirkuitua martxan jarri eta sorkuntza lanak herriz herri aurkeztea izango da.