Maite Ubiria

Inflazioaren albo-kalteek arrangura sortzen dute Ipar Euskal Herriko enpresariengan

Baionako Merkataritza eta Industria Ganbarak (MIG) azken sei hilabeteotako bilakaerari buruzko txostena aurkeztu du. Lehengaien prezioen gorakadak, alde batetik, eta salmenta aurreikuspenaren apaltzeak, bestetik, kezka sortzen dute. Baita Euskal Elkargoak defendatzen duen zergen igoera ere.

Jean-Baptiste Fagoaga ostalaria, Andre Garreta MIGeko burua eta Banque de France erakundeko ordezkaria den Marie-Anne Kozlowski, gaur goizean, Baionan.
Jean-Baptiste Fagoaga ostalaria, Andre Garreta MIGeko burua eta Banque de France erakundeko ordezkaria den Marie-Anne Kozlowski, gaur goizean, Baionan. (Nahia GARAT)

Baionako Merkatarizta eta Industria Ganbarak (MIG) azken sei hilabeteotan Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherean jarduera ekonomikoak izan duen bilakaerari buruzko txostena aurkeztu du astearte goiz honetan Baionan.

Eragile ekonomikoen aldarteari dagokionez txostenak aditzera ematen du Ipar Euskal Herriko enpresariek, arazoak arazo, baikor begiratzen diotela 2024. urteari. MIGek helarazitako galdetegiari erantzun diotenen artean, %77ak konfiantza agertzen dute.

Hala eta guztiz ere, itsaso bare horri gertuagotik begiratuz gero, behetik gorako olatuak sumatzen dira. Finean, azken urteetan izandako inflazio altuak bere ajeak utzi ditu ehun ekonomikoarengan.

Egonkortasun giroa nagusitu arren, Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko kudeatzaileei arazoen zerrenda luzatu zaiela aitortu dute MIGeko arduradunek.

Eskaerak atzera egin du sektore gehienetan eta kontsumo gaitasunaren galerak kaltea egin du.

Andre Garreta MIGeko buruak azaldu duenez, «marjinak murriztu dira eta ordainketa epeak, ordez, luzatu dira, eta horrek enpresen egoera zaurgarriagoa bilakatu du».

Diploma ukan edo ez, gazteak lanpostu bila

Enpresen planta ematea neurtzen duen tasa oraindik ere berdean agertzen bada ere –428 enpresa berri sortu ziren iaz Ipar Euskal Herrian– bilana goibeltzen doa. Hala 2022. urtearekin alderatuta %9 apaldu da aktibitate berrien sorrera.

Enpleguari buruzko bilakaerari dagokionez, %0,5 emendatu ziren kontratazioak iaz.

Izan ere hazkunde nagusia hirugarren sektorera mugatu zen (+ %1,7). Zerbitzuetako alorraren baitan osasungintzan eta ostalaritzan izenpetu ziren kontratu gehienak.

Langabezi tasa %6an kokatu zen iaz, baina lanpostu baten xerka diren herritarren kopurua emendatu zen (+ %1,9).

Adierazgarria da 2022an %3,8 igo zela enplegua bila ari ziren 26 urtetik beherako gazteen kopurua. Baita lana lortzeko orduan antzeko zailtasunak atzeman zituztela goi ikasketak egin dituzten eta formazioa apala duten gazteek. %4,4 igo zen lehenengoak aintzat hartzen dituen atala, %5,2 bigarrenena.

Marie-Anne Kozlowskik Banque de France erakundeko ordezkariak inflazioaren beheranzko joerak jarraituko duela nabarmendu du, horrek aire ufada emanen diola garapen ekonomikoari gehituz.

Hala, Baionako Portuak 268.000 tona garraiatu zituen iaz, 2022ko zifrak bikoiztuz. Bestalde, 970.000 bidaiari jaso zituen Biarritzeko aireportuak, pandemia aurreko zenbakietara itzulita.

Industrian, Eraikuntzan edota Komertzioan mozkinen murriztea aipatzen dute enpresariek kezka iturri gisara. Turismoan jarduten dutenek, berriz, erosteko ahalmenaren apaltzeari heldu diote iazko bilanak erakusten duen «behin-behineko gibelatzea» arrazoitzeko orduan.

Enpresariek ezin dute lan egin «zergak ordaintzeko»

Prentsaurrean presente izan den Jean-Baptiste Fagoagak langileak xerkatzeko bereziki ostalaritzak izanen dituen zailtasunak jarri ditu mahai gainean.

Kostuen igoeragatik bere kezka agertu du ostalari saratarrak, eta energiaren prezio altua aipatu du batik bat. «Zorionez Frantzia herrialde nuklearra den», esatera ausartu da, izaera horrek apaldu duelakoan krisi energetikoak jarduera ekonomikoan utzitako arrastoa.

Bestalde, Fagoagak babestu egin ditu MIGeko buruak berak zergen igoeraren inguruan planteatutako kexak. Biek ohartarazi dute «enpresarien lana ezin dela baliatu erakundeen aurrekontuak orekatzeko».

Industria higiezinen gaineko CFE tasak azken urteotan izan duen bilakaeragatik kexu azaldu dira, berehala Euskal Elkargoak 2024ko zergak igotzeko adierazi duen asmoa arbuiatuz.

«Enpresariek ezin dute lan egin zergak ordaintzeko», bota du Garretak, bere geziak Jean-Rene Etchegaray buru duen erakundearen kontra jaurtiz.

Euskal Elkargoak «ez dituela gauzak behar bezain ondo egiten», esaterako, etxebizitzari krisiari erantzuteko, uste du Garretak.

Are, euskal hautetsiek «Airbnb errudun gisa» hartzen dutela salatu du MIGeko buruak.

Bere erranetan bizitoki sozialak sortzeko orduan dituzten hutsuneak estaltzeko burutzen dute hautetsiek «beraien erretreta borobiltzeko alokairuan inbertitzen duten herritarrak» jomugan jartzen dituen aipaturiko etxebizitza politika.