1937ko apirilaren 26an, merkatu egunez, faxistek Gernika bonbardatu zutenean bizirik ateratzea lortu zuen Francisco Garcia San Romanek, zazpi urte besterik ez zituela. Inoiz gehiago ez zen herrira bizitzera bueltatu, eta asteartean zendu zen, Irunen.
Ostegunean egingo da haren aldeko hileta elizkizuna, arratsaldeko 19.00etan, Irungo San Gabriel eta Santa Gema elizan (Pasionistas).
Bonbardaketatik bizirik atera ziren beste askok bezala, Garcia San Romanek izugarrikeria haren oroimena gordetzeari eman dio bere bizitzaren parte bat.
Gernika Gogoratuz Bakearen Aldeko Aztertegiaren biktimen erregistroan sartzeaz gain, sarraskiari lotutako memoria ariketa ugaritan parte hartu zuen urte luzez Franciscok: ekitaldiak, dokumentalak… Bere testigantza jasotzen duten bi bideo dira, esaterako, Alberto Rojok zuzendutako ‘Gernika Bonbardaketa’ dokumentala (2007) edo France Infok grabatutakoa.
Era horretan, hain zuzen, kontatu zuen arratsaldeko 15.30ak aldera izango zirela, 1937ko apirilaren 26. hartan sirenak aurrenekoz aditu zituenean.
Hegazkin batek Gernika gurutzatu zuen, nahiko altura baxuan, eta etxeen gainetik buelta egin zuen, lehergailu bakar bat ere bota gabe. Horrela ohartarazi zituzten etortzear zenaz garai hartan Gernikan bizi ziren 5.000 herritarrak.
Aitak esana zien bezala, sirenak entzutearekin batera, arineketan abiatu ziren ama eta lau neba-arrebak etxetik gertu zeukaten arma fabrikaren gordelekura.
Ehunka lagun elkartu ziren bertan, ilunetan. Adin horretan leku izugarri handia iruditu bazitzaion ere, nagusitan bisitatzeko aukera izan zuenean zur eta lur geratu zen, ez baitzen halakoa oroimenean gordetako babeslekua.
Bonbak erortzean ahoa zapi batekin estali eta makil bati kosk egiteko esan zieten, eztandek tinpanoak leherraraz ez ziezazkieten.
Lau orduko bonbardaketa eta gero, bonba su-eragileak bota zituzten, Gernika erabat suntsitzen zutela ziurtatzeko.
Atera zirenenean, Franciscoren anaiak hainbat gorpu seinalatu zituen, eta amak esan zien, lasaitu guran, lo zeuden pertsonak zirela. Harrezkero etxea nola geratu ote zen ikustera ere ez ziren hurbildu, bonbek dena txikitu baitzuten.
Francisco ez zen inoiz gehiago Gernikara bizitzera itzuli, baina bertan jazotako sarraskiaren oroimena bizirik mantentzen lagundu du azken hatsa eman duen arte.