Maite Ubiria

Duela urtebete Donibane Lohizunen hil zuten Agnes Lassalle irakaslea, gogoan

Gaur betetzen da Agnes Lassalle irakaslearen heriotzaren lehen urteurrena. 16 urteko ikasle batek labankadaz hil zuen Aquino Tomas ikastetxean, Donibane Lohizunen. Gogoan, bere bikotekide zenak eskaini zion azken dantza. Gaur, berriz, Udalak antolaturiko omenaldia jaso du.

Irakaslearen argazkiaren aurrean lorek ezarri dituzte, gaur goizean, Donibane Lohizunen eginiko omenaldian.
Irakaslearen argazkiaren aurrean lorek ezarri dituzte, gaur goizean, Donibane Lohizunen eginiko omenaldian. (Patxi BELTZAIZ)

Agnes Lassallek gaztelania irakasten zuen Aquino Tomas ikastetxean, Donibane Lohizunen. Iazko otsailaren 22an, 16 urteko ikasle batek labankadaz hil zuen 52 urteko irakaslea.

Gaur betetzen da, beraz, hezkuntza komunitatean zirrara handia eragin zuen heriotzaren lehen urteurrena.

Bere ikastetxearen sarrera loreak utzi zituzten heriotzaren berri izan pronto herritarrek. Biharamunean, berriz, Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan isilunea gorde zuten hezitzailearen omenez.

Frantziar telebistan segurtasunaren inguruan ohiko eztabaida antzuak pizten saiatu baziren ere, heriotzak sorturiko saminari errespetuarekin erantzun zioten bai Agnes Lassalleren gertukoek baita irakaslearen omenez eginiko ekimenetara bertaratu ziren euskal herritarrek ere.

Agnes Lassalleren heriotzaren lehen urteurrena kari, Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak ekitaldia antolatu du, gaur, goizeko 11.30ean, Peyuco Duhart kultur aretoan.

Jean-François Hirigoyen auzapeza eta Fabrice Rosay suprefetarekin batera, Lassalleren bikotekidea eta familia, baita ikastetxeko lankideak eta ikasleak ere presente izan dira.

Ekimen horren bidez iazko apirilean ohorezko legioa jaso zuen Agnes Lassalle irakaslearen izena betirako lotuko da Donibane Lohizuneko kulturgunea kokatzen den plazarekin.

 

Agnes Lassalleren izena daraman plaka eman dute lorategian. (Patxi Beltzaiz)
Agnes Lassalleren izena daraman plaka eman dute lorategian. (Patxi Beltzaiz)

Plaka bat jarri dute bere izena eman dioten lorategian.

Egun latza Aquino Tomas ikastetxean

Bigarren mailako ikasle batek eraso egin zion Agnes Lassalleri 2023ko otsailaren 22an. Goizeko 10.00ak aldera, gazteak gelako atea itxi ondoren, labankada eman zion irakasleari.

Sorosleak fite heldu ziren ikastetxera baina ezin izan zuten irakaslea surpertu. Bertan hil zen bere lankide eta ikasleen artean oroimen ahaztezina utzi zuen emakumea.

Gazteari dagiokionez, erasoa burutu ondoren, korridorera atera zen. Bertan, «ahots batek emandako aginduari so eginez» jardun zuela aitortu zion bera lasaitzeko asmoz hurbildu zitzaion irakasle bati.

Handik gutxira lehenagotik ere «buru nahasmenak» izan zituen gaztea atxilo hartu zuen Poliziak.

Osasun mentalaren auzia agerian jarri zuen irakaslea hil zuen adin txikikoaren defentsak.

Izan ere, frantziar Justiziak, Jerôme Bourrier prokuradoreak hala eskatuta, «legez erantzule» jo zuen usteko hiltzailea.

Musika eta dantza atsegin zituen irakaslea

Ezagutu zutenek Agnes Lassalle emazte lasaia zela gogoratzen dute. Klaseak emateaz gain, musika eta dantza bereziki atsegin zituen. Hain zuzen ere, dantza akademia batean ezagutu zuen bere bikotekidea, Stephane Voirin.

Martxoaren 3an, Biarritzeko Sainte-Eugenie elizan eginiko hileten karietara, dantzaren bidez omendu nahi izan zuen Agnes.

Hilkutxa eliza aurrean zela Nat King Cole eta Bert Kaempferten, ‘Je ne repartirai pas’, ‘L-O-V-E’ kantaren doinuaren erritmoan dantzaldia ireki zuen Lassalleren bikotekideak.

Berehala, bikotearen lagunek maitasun keinuarekin bat eginez dantzari ekin zioten.

Irakasleak jaso zuen maitasunez beteriko omenaldiak Euskal Herrian soilik ez mundu mailan oihartzun handia izan zuen.

 

Hasiera batean azken dantza hori jaso zuten bideoak sare sozialen bidez barreiatu ziren. Ondoko egunetan, berriz, telebista zein kazeta askok jaso zuten omenaldi goxoaren albistea.

Geroztik, giro pribatuago batean, baina betiere musika lagun, Agnes Lassalleren oroimenez hainbat ekimen egin dituzte Donibane Lohizuneko bere ikastetxean.

Gaur, berriz, bere gertukoekin batera Herriko Etxeak prestaturiko omenaldia eskaini diote Agnes Lassalleri, bere izena betirako gogoratua izan dadin.