NAIZ

Aurrekanpaina betean, bi transferentzia iragarri ditu Lakuako Gobernuak

Apirilaren 21eko hauteskundeetarako aurrekanpaina betean sartuta gaudela, Lakuako Gobernuak atzerriko unibertsitate-tituluak homologatzeko eginkizunen eta aldiriko trenbideen zerbitzuaren transferentziak iragarri ditu. 

Olatz Garamendi Lakuako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko burua.
Olatz Garamendi Lakuako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko burua. (Endika PORTILLO | FOKU)

Iñigo Urkulluk hauteskundeen data baieztatu eta biharamunean, aurrekanpaina betean sartuta, Madrilgo Gobernuarekin bi transferentzia adostu dituela iragarri du Lakuak: Atzerriko unibertsitate-tituluen homologazioa eta aldiriko trenen zerbitzuaren eskumenak, hain zuzen ere.

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak azaldu duenez, Estatu espainoletik kanpoko unibertsitate-tituluak homologatzeko ardura izango du Lakuako Hezkuntza Sailak.

Hala, Lakuak bere gain hartuko du eginkizun hori, Araba, Bizkai edo Gipuzkoako udalerriren batean erroldatuta dauden pertsonak homologatzeko edo baliokidetzat jotzeko eskaerei dagokienez. Homologazioarekin, Estatuko tituluen eragin bera izango dute tituludunek kasuan kasuko lanbidean aritzeko gaitzeko.

Medikuntzako espezialitateen kasuan, atzerriko unibertsitate batekoa bada, espezialitatearen titulua Osasun Ministerioak aitortzen jarraituko du.

Aldiriko trenen zerbitzuari dagokionez, Madril eta Lakuaren arteko akordioan jasotzen du EAEk kudeatuko dituela Bizkaian eta Gipuzkoan dauden aldiriko trenen zerbitzuak, baita Araban eta Bilbo eta Karrantza artean aldiriko beste zerbitzu batzuk deklaratzeko aukera ere.

Garamendiren hitzetan, «transferentzia guztiak dira garrantzitsuak, guztiek laguntzen baitute, modu batean edo bestean, Euskadiren ongizatean eta garapenean, autogobernua traktore gisa hartuta». Negoziazio prozesuari buruz esan du «bizia» izan dela. «Lan handia egin dugu zerbitzu horiek gure herritarrei baldintza onenetan eskaintzeko eta horien kalitate estandarrak hobetzeko aukera emango duen akordio bat lortzeko».