NAIZ

M8ko kanpaina instituzionalak adineko emakumeen ekarpena goratuko du ‘Zuetaz Harro’ mezuarekin

‘Zuetaz Harro’ izango da martxoaren 8ra begira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeek erabiliko duten leloa. Adineko emakumeek belaunaldi gazteagoak ahalduntzeko egin duten bidea goratuko du.

Martxoaren 8ari begirako erakundeen kanpainaren aurkezpen agerraldia.
Martxoaren 8ari begirako erakundeen kanpainaren aurkezpen agerraldia. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakundek, hiru aldundiek eta Eudelek martxoaren 8ra begira prestatu duten kanpaina aurkeztu dute ostiral honetan. ‘Zuetaz Harro’ izango da leloa, eta adineko emakumeek belaunaldi gazteagoak ahalduntzeko egin duten bidea goratuko du.

Esaldi luzeago batez lagunduta dator aurten martxoaren 8ko kanpainaren bueltan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde desberdinek erabiliko dute leloa. Hala dio: «Ahaldundutako emakume bakoitzaren atzean ahalduntzera bultzatu duen beste emakume bat egon da».

Kanpainaren asmoa, ostiral honetan esplikatu dutenez, adineko emakumeek gazteenen ahalduntzean egindako ekarpena goraipatzea da. «Belaunaldien arteko harremanaren garrantzia, berdintasunaren aurrerapenean emakumeen ahalduntzeak duen funtsezko papera eta adineko emakumeen balorazioa» nabarmendu nahi dute, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak sakondu duenez.

Aurkezpenean izan dira Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, Jone Berriozabal Arabako Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatua, Patricia Campelo Bizkaiko Aldundiko Berdintasun zuzendaria, Nerea Isasi Gipuzkoako Aldundiko Berdintasun zuzendaria eta Esther Apraiz Eudeleko presidentea.

Lau emakume protagonista ditu kanpainak, eta horietako bakoitzak aurreko belaunaldietan egindako ekarpenak balioesten dituzte. Horrela, sailburuak azaldu duenez, kanpainak adineko emakumeek egindako ekarpenean jarri nahi du fokua, «haien eskubideak nabarmen mugatu dituztelako eta, hain zuzen ere, horregatik bihurtu direlako ahalduntzeko eragile».

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak berretsi duenez, ‘Zuetaz Harro’ kanpaina «belaunaldien arteko topagune» izatea nahi dute, «emakumeen eskubideen aldeko balioak transmititzeko».

Bestalde, Arabako Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatu Jone Berriozabalek «landa-inguruneko emakumeen» lana nabarmendu du bereziki, «gizonen rol osagarriak bete gabe aukera berriak zabaltzen ari diren jardueren dibertsifikazioaren alde egiten baitute».

Patricia Campelo Bizkaiko Aldundiko Berdintasun zuzendariak, berriz, erakundeek «politika feministak» bultatu behar dituztela aldarrikatu du. «Horretarako, gure aurrekoek lortutakoa da gure abiapuntua», adierazi du.

«Gonbidapen polita da gure amona, ama, izeba edo inguruan ditugun emakumeekin solasaldiak egiteko eta guztion ahalduntzean aurrerapausoak emateko. Emakume guzti horiei eskerrak eman nahi dizkizuegu bihotzez», agertu du, bere aldetik, Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendariak.

Esther Apraiz Eudeleko presidenteak dei egin die udalei, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak diren aldetik, gure udalerrietako emakumeen historia berreskuratzeko erantzukizuna eta aukera aprobetxa dezaten, «emakumeek eta borroka feministek berdintasunaren aurrerapenean egindako ekarpena aitortzeko, adineko emakumeen egungo belaunalditik hasita».

Bihartik aurrera, martxan

‘Zuetaz Harro’ kanpainak kartelak, irrati-iragarkiak, bannerrak eta iragarkiak ditu, eta larunbatetik martxoaren 8ra bitartean egingo da, kaleetan, komunikabideetan eta sare sozialetan.

‘Zuetaz Harro’ kanpainaren kartela. (EMAKUNDE)
‘Zuetaz Harro’ kanpainaren kartela. (EMAKUNDE)