Iraitz Mateo

Klima larrialdiaren aurrean, «katastrofismorik gabeko larritasuna» komunika daiteke?

«Ingurumenari buruz komunikatzeko Elhuyar dekalogoa» aurkeztu zuen Elhuyarrek atzo Donostian. Mahai inguru batekin biribildu zuten aurkezpena, klima larrialdiaren edota bioaniztasunaren auzien larritasuna beldurrik sortu gabe nola transmititu mintzagai izan zuten.

Elhuyarrek atzo Donostian dekalogoa aurkeztu zuen.
Elhuyarrek atzo Donostian dekalogoa aurkeztu zuen. (Andoni Canellada | FOKU)

‘Ingurumenari buruz komunikatzeko dekalogoa’ aurkeztu zuen atzo Elhuyarrek Donostian. Eta, ondoren, dekalogoan jasotzen diren ideien inguruan mahai ingurua osatu zuten. Dekalogoaren helburua «komunikazio arduratsua eta sozialki eraginkorra» egitea da, eta horretarako 14 gako proposatu dituzte. Estitxu Villamor EKOPOleko ikertzaileak, Eli Pagola NAIZ irratiko ‘Gelditu makinak’ saioko kazetariak, Unai Pascual BC3ko ikertzaileak eta Aitziber Agirre Elhuyarreko dekalogoaren koordinatzaileak mintzatu ziren mahai inguruan.

Solasaldiari hasiera Villamorrek eman zion; azaldu zuen informazioaren atzean beti dagoela ideologia, nahiz eta batzuk «aseptiko edo neutro informatzen dutela esan», eta dekalogoa «ideologiaz bete izana» txalotu zuen. Pagola ere ados azaldu zen eta praktikotasunaren ideia gehitu zion: «Puntu bakoitza ez da arrotza, baina kazetaritza ikuspegitik autoebaluaziorako balio digu».

Dekalogoa

1. Sistema konplexua denez, begirada osagarriak integratu.
2. Arazoen eta irtenbideen adibide lokalak eman, baina ez galdu eskala globalaren ikuspegia.
3. Ez izan katastrofista. Baliatu etorkizun desiragarriak irudikatzeko.
4. Justiziaren dimentsioa eztabaidara ekarri.
5. Aldendu narratiba eurozentristatik.
6. Baztertu begirada hertsiak, hala nola androzentrismoa eta antropozentrismoa.
7. Denok dugu zer egina, baina ez erantzukizun bera.
8. Irtenbidea soziala eta politikoa da, ez soilik teknologikoa.
9. Naturaren balioak transmititu: bizitza erregulatzea, ongizatea, zaintza, erantzukizuna, oparotasuna, lurraldearen kustodia…
10. Osasun Bakarra: kalitatezko bizimodua izateko, ezinbestekoa da kalitatezko ingurumena.
11. Zalantzan jarri gure sistema ekonomikoan errotutako kontzeptuak.
12. Eman hitza mugimendu sozialetatik datozen proposamenei.
13. Ikuspegi kritikoa izateko baliabideak eman, eta negazionismoak hartzen dituen formak identifikatu.
14. Euskaraz komunikatu, jasangarritasuna sustatzeko.

 

«Eskubide internazionalen historiako eskubide urraketa handiena izan daiteke»

Katastrofea nola kontatu

Dekalogoko hirugarren puntuari heldu zioten berehala, «3. Ez izan katastrofista». Agirrek klima larrialdiaren larritasuna aipatu zuen: «Eskubide internazionalen historiako eskubide urraketa handiena izan daiteke. Hurrengo belaunaldiari planeta osasuntsu batean bizitzeko eskubidea kendu diegu».

Pagolaren ustez, egoera larria da, eta hori ere transmititu behar da. Hartzailea ezin da infantilizatu; «alarmista ez izatearekin zirkulu bizioso bat sortzeko aukera» dagoela gaineratu zuen: datuak larriak direla ez esateak «artzain gezurtiarena» gertatzea ekar lezake, hau da, ondoren larritasun hori inork ez sinestea. Beste ertz bati ere heldu zion: «Irakurriak izan nahi baldin badugu, titularrak behar ditugu». Irakurleak ez badu arreta ematen dion deus ikusten titularrean, ez du albistea irakurriko, bere aburuz.

Pascualen iritziz enpatia da komunikazioak bilatu beharrekoa. Munduko hainbat herrialdetan klima larrialdiaren ondorioak pairatzen ari direla gogorarazi zuen, eta gizakiak, lehen pertsonan bizi ez arren, enpatiaren bidez aktibatu eta irtenbideak bilatzeko jarrera izan beharko lukeela. Enpatia hori hedabideen bitartez lor daitekeela uste du.

Ekoantsietatea eta irtenbideak

Larritasunak edo alarmismoak jendartea beldurrera eta paralisira eraman dezake. Eta, Agirreren ustez, hedabideen funtzioa irtenbideak mahai gainean jartzea da. Horregatik iruditzen zaio garrantzitsua gero eta gehiago entzuten den ekoantsietateari begiratzea.

«Esaten ari gara egoera oso larria dela, eta agian mendebaldeko biztanleok ezin dugula jarraitu horrela bizitzen. Horrek, etorkizun ezezagun baten aurrean uzten gaitu, eta beldurtu». Gaineratu zuen, hainbat adituk diotela ekoantsietateari aurre egiteko «botikarik onena» ekoaktibismoa dela.

«Naturaren aurka egiten badugu, badakigu gure buruaren kontra ari garela; ulertzeko erraza da»

Zer komunikatu

Pascualen arabera, klima larrialdia baino larriagoa da bioaniztasunaren galera, eta uste du komunikabideek ez diotela horri begiratzen. Bere iritziz, bioaniztasuna termino oso abstraktua da gaur-gaurkoz plazaratzeko. «Hitz egin dezagun naturaz hedabideetan. Naturaren aurka egiten badugu, badakigu gure buruaren kontra ari garela; ulertzeko erraza da. Biodibertsitate terminoa utzi diezaiegun zientzialariei».

Ideia horrekin ez dago erabat ados Pagola: «Aipatu duzu zientzialariei zaila egiten zaizuela zenbait gauza komunikatzea, eta hortxe sartzen gara gu, zentzu batean, hedabide bezala zein egitura ematen dugun eta zein begirada interkoherente sortzen dugun. Zientzialari ezberdinen lana plazaratuz, marko bat osatu behar dugu». Haren iritziz marko hori hasieratik gizarteratzea garrantzitsua da. Pascualen ustez, ordea, «ez dugu denborarik», gaiaren larritasuna dela-eta, marko hori pixka