Kultura eta politika arloko 200 pertsona ezagun baino gehiagok sinatu dute Omnium Culturalek sustatutako ‘Protestar no es terrorisme’ manifestua, espainiar Auzitegi Nazionalak Tsunami Democraticen aurka egindako azken ikerketei erantzunez.
Kataluniako, Euskal Herriko eta espainiar Estatuko kultur arloko 150 erakunde baino gehiagok bat egin dute astelehen honetan Bartzelonan aurkeztutako manifestuarekin. Gemma Garcia, Jordi Baste, Monica Terribas, Laura Rosel eta Jordi Evole kazetariek eta Ana Polo umoristak irakurri dute.
Testuak dioenez, Auzitegi Nazionalaren ikerketen helburua «protesta kriminalizatzea, oinarrizko eskubideak mugatzea eta disidentzia politikoa isilaraztea» baino ez da, eta gertakari horiek «izaera autoritarioko jardueratzat» jotzen dituzte, «printzipio demokratikoak eta zuzenbide-estatuaren printzipioak arriskuan jartzen baititu». «Kriminalizazio horrek disuasio-efektua du gizarte osoarentzat, kolektibo eta erakunde mota guztiek eskubideak eta askatasunak defendatzeko mekanismo nagusia bilatzen duelako», gaineratzen du.
Hori dela eta, «mobilizazio sozialen eta oinarrizko eskubideen erabileraren aurkako jazarpen politiko berri batean justiziaren erabilera gelditzeko beharrezko neurriak hartzea eta terrorismo egozpenak kentzea» eskatzen dute sinatzaileek.
Besteak beste, David Fernandez, August Gil Matamala eta Albano Dante Fachin ekintzaileek; Lluis Llach kantautoreak; Andrea Gumes, Anna Pacheco eta Carles Porta kazetariek; Quim Monzó idazleak; Carlos Cuevas aktoreak; Oleguer Preses FC Bartzelonako futbolari ohiak eta Elena Martín zuzendariak sinatu dute manifestua. Euskal Herritik, Fermin Muguruza musikari eta zinemagilearen eta Bartzelonan bizi den Amaia Arrazola ilustratzailearen izenak agertzen dira.
Manifestua sinatu dute, halaber, UGT Catalunya, CCOO Catalunya eta Unio de Pagesos sindikatuek, Omnium Cutural eta Assemblea Nacional Catalana entitateek, bai eta Teatre Lliure edo Cruilla eta Primavera Sound jaialdiek ere.