Larunbatean Zornotzako Udalak adierazpen instituzionala argitaratu zuen, ‘Gatazka Gazako zerrendan’. Gazteleraz idatzitako oharra irakurrita, Palestina pairatzen ari denaren salaketa formal bat irakur daiteke. Aldiz, euskaraz, erasoa jasan dutenak bi dira: euskara, Udalaren aldetik, eta Udala bera, itzultzaile neuronalaren aldetik.
Amaia Astobiza itzultzaileak eman zuen honen berri X sare sozialean.
@amoretxanoudala , ze ostia onartu duzue udalbatzarrean??
— Amaia Astobiza Uriarte (@AmaiAsto) February 27, 2024
Ondo dago itzultzaile automatikoak erabiltzea, baina gero testuak berrikusiko –eta onartu aurretik irakurriko– ez badira... jai daukagu!@EHBilduZornotza https://t.co/liYNfphIOn
Izan ere, gazteleraz «toque de queda» delakoa «berehalakoan bertan behera uztea» eskatzen bada, euskaraz «etxeratze-ukituak» salatzen dira. Bide batez, gazteleraz eraso hauek armada sionistak egiten ditu. Euskarazko bertsioan, aldiz, «Armada sionistak gogor arbuiatzen du lurralde palestinarrean egindako eraso eta eraso bakoitza». Hau da, Armadak ez ditu bere jarrera propioak babesten.
Esteka honetan irakurri daiteke oharra osorik.
Ez dira hauek itzultzaile neuronala erabili eta ez zuzentzearen ondorio bakarrak. «Israeli gerra-materiala saltzeari berehala utzi zitzaion, eta Kanpo Arazoetako Ministerioak erabateko inplikazioa izan zuen espainiarrak eta asilo-eskatzaileak Gazako zerrendatik ateratzeko», dio. Esaldia ulertzen saiatzeko gaztelerazko bertsiora jo behar berriz ere, non espainiar Estatuari eta Europar Batasunari Israeli armak saltzeari uzteko eskatzen zaion puntu horretan.