NAIZ

Hondakinen bolumena etengabe hazten ari da munduan, NBEk ohartarazi duenez

Nazio Batuen Ingurumen Programaren txosten berri baten arabera, 2050erako bikoiztu egingo da hondakinen bolumena eta kostua. Horregatik, gobernuak lehenbailehen neurriak hartzera deitu dituzte.

Londreseko zabortegi bateko irudia.
Londreseko zabortegi bateko irudia. (Daniel Leal | AFP)

Munduko hondakinen bolumena 2.300 milioi tonara iritsi zen 2023an, eta modu esponentzialean hazten jarraituko du, mendearen erdialdean 3.800 milioira iritsi arte, NBEk asteazken honetan ohartarazi duenez.

Krisia are larriagoa izango da tratamendu-metodoak kutsatzaileak izaten jarraitzen duten herrialdeetan: zabortegi eta lurzoruaren kutsadura, kutsatzaileen emisioak eta berotegi-efektuko gasak, berreskuratu gabeko errausketa...

Kalkuluen arabera, haren zuzeneko eta zeharkako kostua ia bikoiztu egingo da, 2050erako urteko 640.000 milioi dolarreraino, Nazio Batuen Ingurumen Programaren (PNUMA) txosten berri honen arabera.

2020an, hondakinen tratamenduaren zuzeneko kostua 252.000 milioi dolarrekoa zela estimatzen zen. 361.000 milioikoa, instalazio edo kudeaketa-metodo desegokiek sortutako kutsadurarekin lotutako zeharkako kostuak barne hartuz gero.

Konpromisoen beharra

Hori dela eta, «premiazkoa» da «hondakinen murrizketa zorrotzarekin» hastea eta ekonomia zirkularrean inbertitzea, NBEk Nairobin aste honetan egiten ari den Ingurumenerako Nazio Batuen Biltzarraren seigarren saioan eskatu dutenez.

Aurkeztutako txostenaren arabera, hondakinak «kontrolpean» edukitzeak, bereziki tratamendu-metodo hobeen bidez, urteko kostu garbia 270.000 milioira mugatu lezake 2050erako.

Baina azaldu dute posible dela harago joatea, «benetako ekonomia zirkular baterantz, praktika industrial hobeagoetarantz eta hondakinen kudeaketa oso baterantz bideratuz», gaineratu dute. Horrek guztiak urtean 100.000 milioi dolar baino gehiagoko etekin garbia ere sor lezake, ‘Hondakinak baliabide bihurtu’ izeneko txostenak argudiatzen duenez.

Zoë Lenkiewicz txostenaren egile nagusiak adierazi duenez, «munduak lehenbailehen zero hondakineko planteamendu batera igaro behar du, eta, aldi berean, hondakinen kudeaketa hobetu, kutsadura esanguratsua saihesteko».

«Hazkunde azkarrean dauden ekonomia asko hondakinen pisu gero eta handiagoarekin ari dira borrokan», dio Inger Andersen PNUMAko zuzendariak, eta «gizarte iraunkorragoak sortzeko aukerak» aurki ditzaketen eragile publiko eta pribatuen «funtsezko papera» nabarmendu du.