Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Xuharri jazotakoa salatzeko mozioa onartu du Villabonak, baina haserrea piztu du EAJk

Udaletxean entzundakoak ezin sinistuta geratu dira bilabonatarrak. Xuhar zauritu zuen Ertzaintzaren karga salatzeko mozioa aurkeztu dute, eta EH Bilduren babesarekin onartu da, baina ezezko botoa eman dute EAJko lau zinegotziek eta PSEkoak. Jeltzaleek ukatu egin dute Xuhar «tirokatua» izan zenik.

Xuhar Pazos zauritutako gaztea, erdian, eta Beñat Uribe eskuinean, herritar andanaren babesarekin Villabonako udaletxean.
Xuhar Pazos zauritutako gaztea, erdian, eta Beñat Uribe eskuinean, herritar andanaren babesarekin Villabonako udaletxean. (Jon URBE | FOKU)

Xuhar Herri Plataformak aurkeztutako mozioa onartu du asteazken arratsaldean Amasa-Villabonako udalbatzak, EH Bilduko zortzi zinegotzien aldeko botoarekin. Ezezko botoa eman diote, aldiz, EAJko lau zinegotziek eta PSEko ordezkariak, Xuharri «ondorio atzeraezinak» eragin zizkion «esku-hartze polizial neurrigabea» salatu eta ardurak argitzea eskatu duen dokumentuari.

Villabonako udaletxeko batzar aretora agertu da Xuhar gaztea, bere senide eta lagunak lagunduta eta babesa ematera agertu den dozenaka herritarrez inguratuta. Beñat Uribe Xuhar Herri Plataformako bozeramaileak irakurri ditu mozioan jasotako bost puntuak, batzar aretoa betetzeraino babesa adieraztera hurbildu diren herritarrei eskerrak eman ostean.

Gogora ekarri du Ertzaintzak otsailaren 12 goizaldean, Tolosako inauterietan, egin zuen kargak «ondorio atzeraezinak» eragin zituela Xuhar Pazos 16 urteko gaztearengan eta, beraz, gazteari eta haren gertukoei «elkartasun eta babes osoa» adierazi dezaten galdegin die zinegotziei, eta hala egin dute ordezkari politiko guztiek.

EAJ: «Xuhar ez zen tirokatua izan»

Alabaina, EAJ eta PSEko zinegotziak ez dira ados agertu mozioaren hurrengo puntuekin, nahiz eta Uribe zuzen mintzatu zaien ohartaraziz ez dela egoera «gehiago lokazteko» momentua edo abian diren ikerketei itxarotekoa, «arduraz jokatu» eta mozioa «aho batez» onartzeko unea baizik. Gau hartako «esku-hartze polizial neurrigabea» eta «Xuhar eta bere familia egoera tamalgarri honetara bultzatu duen jokabide polizial desproportzionatua» salatzeko konpromisoa eskatu dio udalbatzari dokumentuaren bigarren puntuak, eta «indarkeria polizial oro» salatzeko proposamena jaso du hirugarrenak.

EAJko udal taldearen izenean Arantzazu Rojok hartu du hitza, eta batzar aretoan ziren herritarrak hasarre eta ezin sinistuta agertu dira esan duenarekin. «Xuhar ez zen tirokatua izan», zineztatu du. Ohartarazi du ezin dela ebatzi Ertzaintzaren karga «neurrigabea edo desegokia» izan zenik gau hartan gertatutakoaren inguruko txosten irmorik ez dagoen bitartean; hala ere, ikerketen emaitzak izan gabe baieztatu du foam balak «errebotea» egin ostean jo zuela Xuharren begian.

«Hau da dakiguna. Gau hartan bi istilu egon ziren; bata 01.20etan Rondilla kalean eta bestea 04.15ean Soldadu kalean», zehaztu du. Liskar horietatik tiraka, esan du EAJk «indarkeria mota guztiak» salatzen dituela eta, aldi berean, Poliziaren esku-hartzea «beharrezkoa» izan zela defendatu du. «Ikerketari errespetua eskatzen diogu. Emaitzarik gabe ezin da baloratu Poliziaren ekintza zuzena izan zen edo ez», gaineratu du.

Arantzazu Rojoren hitzok sutu eta mindu egin ditu udaletxera agertu diren herritarrak, baita Xuhar eta bere familia ere. Jon Pazos gaztearen aitak kargu hartu dio: «Hau al da indarkeria oro salatzea?». Entzundakoek «lotsa» eragin dutela leporatu die ezezkoa eman duten zinegotziei, halaber, Beñat Uribek, eta «arduragabekeriaz» jokatu duela esan dio Arantzazu Rojori bilkuraren amaieran.

Ardurak eta azalpenak

Polizia autonomikoaren ardurak ukatu ostean, EH Bilduri egotzi dio Tolosako inauterietan gertatutakoaren ardura, esanez ez zela ongi koordinatu Ertzaintzarekin. «Orain arte, Udalean EAJ edo ezker abertzalea egonda ere, beti egon da kolaborazioa eta planifikazioa Ertzaintzarekin; aurten ez da egon. Orain arte, Triangelu plaza larrialdi zerbitzuentzako erabili izan da, baina, aurten, txosnak jarri dira. Horrek esan nahi du Alde Zaharreko larrialdiak artatzeko sarrera saihestu egin dela», esan du.

Bestalde, Ertzaintzaren kargan parte hartu zuten agenteek eta foam jaurtigailuak erabiltzea agindu zuen ertzain buruak «dagozkien ardurei aurre egin» diezaietela eskatu du herri plataformak mozioaren bitartez. Norabide berean, Uribek nabarmendu du Xuhar ospitaleratu zuen karga jazo zenez geroztik hamaika egun igaro direla jada, baina artean ez dutela azalpenik jaso Ertzaintzaren partetik, ezta Josu Erkoreka Lakuako Segurtasun sailburuaren aldetik ere. Horregatik, sailburuak ere dagozkion ardurak hartu behar dituela aldarrikatu dute, eta «kaltetutako familiaren zein euskal jendartearen aurrean erantzunak eman ditzala» galdegin.

Honen inguruan, EAJko zinegotziak gogorarazi du hauteskundeen deialdi ofizialarekin desegin egingo dela Gasteizko ganbera eta, beraz, Erkorekak «ezin du Legebiltzarrean agertu».

Laburrago mintzatu da Eduardo Rojo PSEko zinegotzia, baina jeltzaleek hartutako bide berari eutsi dio, ikerketak amaitu bitartean baloraziorik ez duela egingo esanez.

EH Bilduren babes osoa

EH Bilduko zortzi zinegotzien baiezko botoei esker onartu du udalbatzak Xuhar Herri Plataformak aurkeztutako mozioa eta, taldearen izenean, «babes osoa» helarazi die Xabat Laborde zinegotziak gaztearen senide eta lagunei.

«Erabat bat egiten dugu mozio honen edukiarekin», adierazi du, eta gogoratu du ez dela Ertzaintzaren «jarrera bortitzek» halako ondorioak ekarri dituzten lehenengo aldia. Zehazki, Remi Aiestaranen kasua aipatu du; Ertzaintzarekin istilu bat izan ostean bihotzekoak jota hil zen 2009ko uztailaren 31an, orduan Villabonako alkateorde zela. «Argi dugu Ertzaintzak ez balu bortitz jokatu, Remi ez zela egun hartan hilko», agertu du.

Hori dela eta, polizia ereduaren inguruko «eztabaida sakon» baten beharra azpimarratu du.

Xuhar Pazosen kasura bueltatuz, adierazi du «ez dela onargarria» gaztea zauritu zuten egunetik hainbeste denbora igaro denean arduradunen azalpenik ez izatea. «Bada garaia, argi eta garbi adierazi dezatela zer gertatu zen kale hartan, momentu hartan. Eta har ditzatela beren gain ardurak», aldarrikatu du.

Nabarmendu du, gainera, otsailaren 12ko goizaldeko oldartze hartan beste bi pertsonak jasan zutela foam balen kolpe bana. Horrek, Laborderen ustez, «larriagoa bihurtzen du esku-hartze poliziala»

Herri plataforma

Asteartean aurkeztu zuten herritarren aurrean Xuharren gertukoen eta billabonatar talde baten ekimenez sortu den Xuhar Herri Plataforma, eta Udalean aurkeztutako mozioa izan da plataforma honek gazteari gertatutakoa salatu eta argitzeko egin duen lehenengo ekimena.

Talde honen zeregin nagusia, Tolosaldeko Atariak jaso zuenez, Xuharri eta bere senideei babesa eskaintzea izango da, hala Ertzaintzak inauterietan izan zuen jarrera publikoki salatuz, nola kasu honi buruzko prozesu judizialean sor daitezkeen kostuei aurre egiten laguntzeko plan ekonomiko bat abiatuz.