NAIZ

Amazoneko zuzendaritzaren «axolagabetasuna» salatu du LABek gaurko greba egun «arrakastatsuan»

LAB sindikatuak ostegun honetan Amazonen egin den greba eguna «oso positibo» bezala baloratu du. Parte-hartzea erabatekoa izan dela nabarmendu du, arduradun gehienak lanera sartu badira ere. Bestalde, enpresak langileen asmoei «jaramonik egiten ez diela» salatu du.

Greba egun «arrakastatsua» izan da Trapagarango Amazonen, LABen arabera.
Greba egun «arrakastatsua» izan da Trapagarango Amazonen, LABen arabera. (LAB Sindikatua)

Trapagarango Amazonen biltegian greba eguna izan dute ostegun honetan. LAB sindikatuak erabateko parte-hartzea azpimarratu du eta eguna arrakastatsutzat jo du, balorazio «oso positiboa eginez». Plantilla finkotik arduradun gehienak lanera sartu direla esan du, «baina kontuan izan behar da arduradunek ez dutela pakete bat bera ere ukitzen, beraz, oinarrizko langileek ez badute lan egiten Amazoneko operatiba guztia ez da ateratzen».

Sindikatuak ohar batean azaldu du hori, enpresak ez diola plantillari «ezer eskaini» gaineratuz. Gainera hiru langileri hiru zigor gutun jarri dietela salatu du. «Hau da Amazonek negoziaziotzat ulertzen duena. Negoziazioa beldurrean eta mehatxuan oinarritu nahi dute, baina langileak inoiz baino elkartuago daude eta ez dute amore emateko asmorik xantaien aurrean», erantsi du LABek. Joan den abenduan bost eguneko greba egin zuten, ELAk eta LABek deituta.

Ostirala ere greba eguna izango da, «prekaritatearen aurka eta lan zentro seguru batean lan egin ahal izateko». Honakoak dira Amazonekin negoziatu beharrekoak: KPIari lotutako soldata, jai egunak, larunbat eta igandeetako plusa lortzea, gaueko lanaldia, oporrak, antzinatasuna, garraioko gastuak, flexibilitatea, laneko segurtasuna eta azpikontratatutako enpresentzako subrogazioa, besteak beste.

LABek beste greba egun baterako deialdia du ostiralerako, baina «enpresaren jarrera mugiezina ikusita, ez dira azken mobilizazioak izango langileen lan-baldintzak hobetzeko», deitoratu du.