NAIZ

Hilaren 19tik desagertuta zegoen bergararraren gorpua aurkitu dute Deba ibaian, Bergaran

Ertzaintzak gizon baten gorpua atera du Deba ibaitik, Bergarako Osintxu auzoan. Joan den otsailaren 19tik Gipuzkoako udalerri horretan desagertuta zegoen 56 urteko gizonarena dela baieztatu dute, Lakuako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Bergarako Deba ibaian gorpu bat topatu dute.
Bergarako Deba ibaian gorpu bat topatu dute. (@BomberosEuskadi)

Gizonezko baten gorpua aurkitu dute ostegun honetan Deba ibaian, Bergarako Osintxu auzoan, Lakuako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Hilaren 19tik desagertuta zegoen 56 urteko gizona dela baieztatu dute ordu batzuetara..

Ertzaintzak eta Gipuzkoako suhiltzaileek 15.30ak aldera atera dute gorpua uretatik. Efe agentziari azaldu diotenez, joan den larunbatean, otsailaren 24an, Bergarako bizilagun bat desagertu zela jakinarazi zioten Segurtasun Sailari.

Larrialdi eta erreskate taldeek desagertutako pertsonaren bilaketa-operatiboa abian jartzeko prestaketak hasi dituztenean jakin du Ertzaintzak gorpua Deba ibaian agertu dela, Osintxu parean, eta, beraz, zuzenean joan dira bertara.

Azken egunetan izandako euriteengatik sortutako ur-lasterrak gorpua eraman ez zezan segurtatu ostean, suhiltzaileek uretatik atera dute.

Ondoren, gorpua Donostiako Auzitegiko Patologia Zerbitzura eraman dute. Ertzaintza heriotzaren nondik norakoak ikertzen ari da orain.