EHUko Prekarioen Koordinadorak «Eva Ferreira buru duen errektoretza taldeak» egindako «irakurketa murriztazailea» salatu du behin baino gehiagotan, gogora ekarriz «800 eurotako gehienezko soldata egokitzen zaigula unibertsitateko ordezkooi».
«Egoera hori eta unibertsitatean ematen diren bestelako prekarizazio egoerak salatzeko», ekimen berri bat jarri dute martxan, dokumental labur baten bidez. ‘Prekarietatearen aurpegiak’ izenburupean, hainbat lekukotasun bildu dituzte.
«Lan duin bat nuen lehen eta ez nintzen hemen sartu aberasteko, baina beka batekin 900 baino gutxiago kobratzen hasi nintzen eta ez nintzen hilabete amaierara iristen», kontatzen du Beñat Garaio ikerlari ohiak. Duela 10 urte iritsi zen, «dena utzita», bere «bokazioa hizkuntzen biziberritzea» zela ikusi zuenean. Ordutik, «oso ibilbide gorabeheratsua» izan du.
Gogoan du nola errepikatzen zioten «pribilegiatu bat» zela beka hura lortu izanagatik. «Horrelako komentarioek amorru handia ematen zidaten». Une batean, «behar pertsonal eta ekonomikoengatik» Unibertsitateko lana beste lan batekin uztartea erabaki zuen Garaion. «Asko sufritu nuen, osasun mentaleko arazoekin». Hala ere, tesia amaituta, Unibertsitatean lan egiten saiatu zen, 10 lan-poltsetan izena emateraino. «Hein handi batean, EHUren akats tekniko bat dela-eta, kanpoan geratu nintzen eta momentuz ezin dut Unibertsitatean lan egin. Eta egia esan, urte hauetakoa ikusita, asmorik ere ez daukat, nahiz-eta ikerketan aritzea gustoko dudan».
LOSU legearen eragina
Iragan otsailaren 15ean UPV/EHUn gehiengo sindikala osatzen duten LAB, Steilas eta ELAk greba deitu zuten martxoaren 6 eta 12rako, «LOSU izeneko unibertsitate-legea indarrean sartu zenetik areagotu den prekarizazio egoerari aurre egiteko». Dokumentalean zehazten dutenez, LOSU aurretik ordezkoen soldata 2.018 eurokoa zen eta LOSU ondoren 846 eurokoa.
Amaia Paniagua duela zortzi urte iritsi zen EHU-ra irakasle elkartu gisa. Jardunaldi osoan hasi zen, orain arte zeuden baldintzetan: ikerketa, dozentzia eta «baldintza on eta aproposekin». «LOSU berri honekin ez dakit zer gertatuko den nire bizitzarekin. Orain 800 euro kobratzera? Bi seme-alaba ditut. Ez dakit aukera izango dudan jarraitzeko. 800 eurorekin ezinezkoa da», azpimarratzen du.
Haritz Garmendia azpeitiarra, aldiz, Unibertsitatera 18 urterekin iritsi zen eta doktore tesia 30 urterekin amaitu zuen. Bitartean, Unibertsitatean ikertzaile gisa aritu zen, beka batekin. «Prekaritatea garai hartatik hasten da». «Jardunaldi osoko lan bat da, baina soldata, beste esparru askorekin konparatuta, apur bat apalagoa da». Prekaritate hori balantzan jarri zuen Garmendiak. «Gustoko duzuna egiten duzu. Eta familiakoen eta ingurukoen laguntzaren bitartez, urte horiek iraun egiten duzu».
Etorkizuneko proiektuak, baldintzatuta
Prekarietatea iraganean, orainean eta etorkizunean ikusten dute protagonista ezberdinek. Nerea Aramendiaren kasuan, «gordinena» etorkizunean ikusten du zehazki. «30 urte ingururekin bukatuko dut tesia eta Unibertsitateak eskaintzen digun aukera ez da batera bizigarria». Gainera, «generoaren auzia» gehitzen dio.
«Nahiko nabarmena da tesia amaitzerakoan emakumeek uzten dutela Unibertsitatea», dio nafarrak. Horren atzean «egitura bizigarriak ez izatea edo amatasuna bizitzearen eta nola bizitzearen hautua» ikusten ditu. Aramendiak «argi» dauka «ama gaztea» izan nahi duela. «Momentu honetan ez dut bikoterik eta niretzat bada aukera bat ama bakarra izatea, baina Unibertsitateak aukera hori ukatzen dit».
Bide beretik, hiru kideko familia monoparentala osatzen du Psikologian lizenziatutako Aitor Ruiz de Luzuriaga arabarrak. Hiru urtetik hona Unibertsitatean dabil, irakasle elkartu baten ordezkapena egiten. 12 lan-ordu jasotzen ditu kontratuak, sei klaseak emateko eta beste sei tutoretzak egiteko. «Horren bikoitza gutxienez egiten dut behar den kalitatezko hezkuntza bermatzeko».
Baldintza horiekin, Unibertsitateko lana beste lan batekin uztartzera behartuta dago, baita familia zaintzarekin. «EHU-k eskaintzen dizkidan baldintzak direla-eta nahiko urduri eta nekatuta sentitzen naiz».