NAIZ

Didier Lafitte omendu dute Donibane Lohizunen haren heriotzaren 40. urteurrenean

Didier Lafitteren omenez ekitaldia egin dute Donibane Lohizuneko plazan Iparretarrak (IK) erakundeko militantea hil zenetik, egunez egun, 40 urte bete diren egunean. Igandean, Arrantzale Maitagarri Eguna antolatu dute.

Ostiralean Didier Laffiteren omenez egin duten ekitaldiaren irudia.
Ostiralean Didier Laffiteren omenez egin duten ekitaldiaren irudia. (Patxi BELTZAITZ)

Didier Lafitte Iparretarrak erakunde armatuko kidea hil zutela 40 urte bete dira, egunez egun, martxoaren 1 honetan. Hori dela eta, omenaldia egin dute ostiral iluntze honetan Donibane Lohizuneko plazan.

Louis XIV erregearen izena daraman plazari Didier Lafitten izena ematen diote herritar askok. Hamarkadaz hamarkada, berdin plaza honetan zein itsasoari begira dagoen Laffiten izena oroitzen duen estelaren aitzinean ekimenak egin dituzte marinela gaztea oroitzeko.

Aste osoz oroimenean

Aurten, 40. urtemuga izanik, aste oso bateko egitaraua prestatu dute. Hala, otsailaren 26an, Le Select zineman ‘Generation autonomistes basques’ izenburupean Sylvie Garatek ekoiztutako dokumentala eskaini zuten.

Otsailaren 28an, berriz, ‘1980ko gazteria eta gaurkoa’ mahai ingurua egin zuten.

Ostiral honetako omenaldian, euskal kantuak eta dantzak ez dira faltatu, eta kaiako horma batean egin nahi duten mural baten diseinua erakutsi dute jendearen aurrera. Hala dio proiektatu duten irudiak: «Didier, arrantzale maitagarri. Izan haiz herri zahar honen babeslari».

Ekitaldi honetan, halaber, euskal jendartearen engaiamendua defendatu dute, atzo bezala gaurko gazteriak erronkak badituelako, antolatzaileen esanetan. Borroka soziala izan dute aipagai. «Didier, zu bezalako donibandar gazteek prekarietatea pairatzen dute, ezin dute herrian lan, bizi edo ikasi», salatu dute bi belaunaldien arteko lotura aldarrikatuz.

Didier Laffiteren omenez egin asmo duten murala erakutsi dute ekitaldian. (Patxi BELTZAIZ)
Didier Laffiteren omenez egin asmo duten murala erakutsi dute ekitaldian. (Patxi BELTZAIZ)

Iganderako, berriz, Arrantzale Maitagarri Eguna antolatu dute. Halatan, hitzordua plazan emana da, 11.00etan. Handik hurbil, Didieren aldeko estelaren aitzinean, ekimen xumea izanen da.

Herri bazkaria eginen dute Ziburun 14.00etan. Plaza girotuko duen kontzertu batekin amaituko da oroimen astea 18.00etan.

Baionako Les Arenes auzoan hil zuten

Iparretarrakeko militantea Baionan hil zen, 1984ko martxoaren 1ean. 22 urte zituen.

Lafittek tiro bakarra jaso zuen, bizkarrean. Hala eta guztiz ere IKko militanteen eta polizien arteko tiroketa baten ondorioz hil zela Lafitte zabaldu zuten frantziar iturri polizialek.

Alta, autoan bere ondoan zuen Gabi Mouesca preso ohiak goitik behera gezurtatu zuen aipaturiko bertsioa. IKko kide esanguratsua izanik, bera atxilotzeko Poliziak plantan emandako operazioaren baitan gertatu zen Didierren heriotza.

Hain zuzen, Lafitteren memoria bizirik atxikitzeko antolaturiko astea aurkezteko agerraldian Mouescaren kontakizuna nabarmendu zuten militante lohizundarraren lagun eta senideek.

Mouesca: «Erailketa bat izan zen»

«Arma tiro batek urratu zuen neguko ilunabar hartan Baionako Les Arenes auzoan zegoen isiltasuna, eta polizia frantses baten arma batetik zetorren», azaldu zuen Mouescak duela 40 urte bizitako pasarte larriari buruz idatzi zuen gutunean.

Didier autoa gidatzen ari zelarik hil zutela oroitarazi zuen Mouescak.

Bere erranetan, «han zegoen funtzionarioarentzat arrisku izpirik sortzen ez bazuen ere», Didier Lafitteri «nahitarat bizkarrean tiro egin zion polizia frantses batek».

«Erailketa bat da, Frantziako agintari politiko eta judizialek ukatu egin dutena», agerian jarri zuen idatzi horretan Mouescak.

Lafitteren heriotzari buruz lekukotasun hori izanik ere, errepresioaren aurkako taldeek akuilatu zuten heriotza argitzeko inkestak ibilbide laburra izan zuen epaitegietan.

1985eko azaroan eginiko auzian, Didier Lafitteren heriotza eragin zuten ekintzengatik «segurtasun indarren aurkako bortizkeria» egotzita, Gabi Mouesca kondenatu eta hiru urteko kartzela zigorra eman zioten. Ondorioz, Didier tiroz hil zuen Martinez inspektorea zuritua izan zen.