Ez zen inolako sekreturik, baina Aaron Arbizuk Asperekin bere azken partida jokatu eta biharamunean eman du jakitera Arkaitz Gabirondo atzelari gazteluarrak beteko duela bere lekua Eibarko enpresaren koadroan. 20 urte bete baino egun batzuk lehenago egingo du debuta pilotari gipuzkoarrak, martxoaren 24an, Tolosako Beotibarren. «Deskribaezina da debutagatik sentitzen dudan ilusioa eta poza», aitortu du Aspeko atzelari berriak, bere enpresaren web orrian jasotako adierazpenetan.
Bi urterako sinatu gazteluarrak Asperekin eta dagoeneko ezagutzen du zein pilotari izango dituen aldamenean horren egun berezian. Javi Zabalaren atzelari lanak egingo ditu eta parean Aitor Elordi eta Xabi Tolosa izango ditu. «Partida zorrotza programatu didate. Zabala modan dagoen pilotaria da, eta aurrean buruz buruko txapelduna eta Tolosa izango ditut, harekin behin baino gehiagotan entrenatu baitut», gaineratu du.
2022ko abuztutik Jokin Etxanizen esanetara aritu da Arkaitz Gabirondo Asperekin entrenatuz eta azken urtean garapen handia izan du. Debutatzeko 20 egun falta direnean, Gazteluko atzelariak oso argi dauka zein izango diren bere etorkizuneko erronkak. «Irudi ona eskaini eta ahal dudan guztian hobetu besterik ez dut nahi», aitortu du profesional berriak.
Eskuin biziko atzelaria, gazteluarra oraintxe Zumarragako Goñiren Omenezkoaren finalerdietarako sailkatuta zegoen Igoarekin batera, baina ezingo du txapelketan jarraitu, debuta lehiaketaren finala aurreikusita dagoena baino hiru egun lehenago jarri baitiote.