Iraitz Mateo

‘Oihangintzako eskuliburua’ ondu du Castillo Suarezek, Ramon Andresen poemak euskaratuz

Ramon Andres poetaren hainbat poema hautatu ditu Castillo Suarezek, hari gisa zuhaitzak hartuta, eta euskarara ekarri ditu Pamiela argitaletxeak kaleratutako ‘Oihangintzako eskuliburua’ liburuan.

Castillo Suarez eta Ramon Andres, liburuaren aurkezpenean, Donostian.
Castillo Suarez eta Ramon Andres, liburuaren aurkezpenean, Donostian. (Jon Urbe | FOKU)

«Hemen gaude Baztango alkatearen erruz», horiek izan dira Castillo Suarezen lehen hitzak astearte goizeko aurkezpenean, ondoan Ramon Andres poeta eta Lander Majuelo Pamielako editorea zituen, ‘Oihangintzako eskuliburua’ aurkezteko prest.

Fernando Anbustegiren ideia batetik abiatu zen guztia, iruditzen zitzaion «maila horretako idazle bat etxean edukita» udaletxeak argitalpen bat egin beharko lukeela, Andres Elizondon bizi baita egun. Suarezi hainbat poema itzultzeko enkargua egin zion, eta Pamielak ere Andresen poemekin euskarazko liburu bat argitaratu nahi zuenez, azkenean ‘Oihangintzako eskuliburua’ sortu zen.

«Artisautza lan bat dira Ramonen poesiak, eta eskulangintza horrekin aukeratu eta itzuli ditu Castillok», esan du Majuelok. Poema guztiek naturarekin duten lotura azpimarratu du editoreak eta «heriotzaz edo akaberez hitz egin arren, ez da ageri bereziki tonu pesimistarik, izpiz betetako begirada zintzoa eta duina baizik», gaineratu du.

Gogoetarako poemak

Suarezek aitortu du 39 poema hautatu dituela berak, eta 1 Andresek. Poemak lotzen dituen haria zuhaitzak dira, Andresen lana berrirakurtzerakoan hori izan baitzen topatu zuen lotura. «Kostatu zait itzultzea, baina are gehiago kostatu zait aukeratzea», aitortu du. Izan ere, aurkeztu berri duen liburua ez da jada Pamielarekin Andresek argitaratuta zuen ‘Antología del norte’ liburuaren euskarazko itzulpena, Andresen poemen beste aukeraketa batetik abiatutako itzulpena baizik.

Aurrez argitaratutako antologiatik bereizten duen adibideetako bat aforismoena da, izan ere, ‘Antologia del norten’ ez dago aforismorik, baina Suarezen iritziz «gogoetarako poesia» da Andresena eta aforismoek hori indartzen dute hain zuzen ere. Kontatu du soinuari asko erreparatzen diola Andresek, eta itzultzerakoan zailtasunetako bat hori izan dela: «Presa batean bizi garenoi oharkabean pasatzen zaizkigu hotsak».

Itzultzerakoan erronkarik handiena tonuarena izan da, ordea, Suarezentzat, «badu Baztan Bidasoako jendearekiko miresmen moduko bat, eta nire beldurra izan da sinesgaitza geratzea». Baztanen bizi dela sumatu daitekeela Andresen poemetan aurreratu dute eta egiten dituen irudiak azaldu ditu Suarezek: «Oso politak dira egiten dituen jauziak, Baztan hori da, eremu eder bat, naturgune zoragarri bat, baina azkenean errepide batek zeharkatzen du, pasako jendea dago, turistak daude… isolamendutik kanpo dagoen eremu bat bada, gustatzen zait egiten dituen kontrasteak».

Naturarekiko konexioa

Andresek esan du «opari bat» izan dela berarentzat liburua bera, eta bereziki, Suarezek egindako hitzaurrea. Euskaraz gutxi ulertzearen pena du, baina lotara joan aurretik ikasten jarraitzen duela kontatu du. Iruñean jaio bazen ere txikiak zirela Bartzelonara joan ziren bizitzera, eta horrek beregan eragina izan duela esan du: «Ez naiz naturan bizi izan, eta orain behar dut. Nire sustraiak ez dira hirira egin bizitza osoa hirian pasa badut ere, iparraldea behar dut, klima paisaia… ez da idealizatutako pasaia, sentimendu fisiko eta primarioa da. Behar fisiko batetik geratuago dago idealizazio batetik baino».

Baztanekin lotura txikitako oroitzapenetan du lehenengoz akorduan, txikitan gurasoekin oporretan joaten zela azaldu du, «orduan ez nekien horrenbeste eragingo zidanik paisaia honek». Zoriontasunarekin lotzen du Baztan, «beste tempo batean dago, oraindik hori mantentzen du» gaineratu du.

«Euskaraz idazterik ez badut ere, kliman, garaian… uste dut Euskal Herriaren zati bat badagoela nire lanetan», ohartarazi du Andresek. Poesia nahi baino gutxiago idazten badu ere, jarraituko duela naturaz inguraturik idazten aurreratu du.