NAIZ

Ligaxkako komodina gastatu dutela argi dute Altuna-Martijak eta Jaka-Mariezkurrenak

Igandeko partida garrantzitsurako material aukeraketa egin dute finalerdiko ligaxkako lehen jardunaldian galdu zuten bi bikoteek. Materiala, hasiera batean, ez da oztopo izango, lau pilotariek oso pozik eta gustura amaitu baitute hitzordua Bilboko Bizkaia pilotalekuan.

Ezkerretik eskuinera, Martija, Altuna, Jaka eta Mariezkurrena, gaur Bilbon.
Ezkerretik eskuinera, Martija, Altuna, Jaka eta Mariezkurrena, gaur Bilbon. (ASPE)

Binakako Txapelketa luzeegia egiten dela behin baino gehiagotan idatzi eta entzun izan dugu. Baina behin lehen fase amaigabea gaindituta, finalerdietako ligaxka motzegia geratzen dela dirudi. Bestela, galdetu Altuna III-Martija eta Jaka-Mariezkurrena II bikoteei. Aurreko asteburuan galtzetik iritsiko dira igandeko neurketa garrantzitsura. Larunbatean Labriten gertatzen dena kontuan izanda, baliteke bi bikote hauetako batek finaletik kanpo geratzea.

Asteazken honetan Bilbon egindako material aukeraketan morbo pixka bat ere bazegoen. Izan ere, lehen jardunaldian galdu ostean, Jaka-Mariezkurrena oso haserre agertu ziren pilotekin. Gaur, ordea, lau pilotariek pozik eta gustura amaitu dute hitzordua.

«Pilota guztiak onak ziren. Kostatu zaigu aukeratzea, denak onak zirelako», adierazi du Jakak. Eta bikote duen Mariezkurrenak, aldiz, honakoa gehitu du: «Aukeratutako seiak antzekoak dira. Guk hiru bizienak hartu ditugu. Ona lotea».

Kontra izango duten bikotekideak iritzi berekoak ziren. Jokin Altunak baieztatu duenez, pilota ziren «onak. Guri gustatu zaizkigu. Azkarrak direla iruditzen zait, frontisetik ez du irteera asko eta lurretik azkarrak direnak. Beraienak ere, egia esan, gustatu zaizkigu. Lote ona zela iruditu zait. Nahiz eta frontoi honek pilota dezente jaten duen partida luzatzean, uste dut lote ona dela. Arazorik gabe».

«Altuna-Martija dira faboritoak»

Lehen jardunaldiko polemikari buruz mintzatu da Erik Jaka: «Eman digun garrantzia eman zaio. Azkenean momentuan galtzen duzunean, honelako egoera batean zaudenean, min ematen du galtzeak. Atera beharreko konklusioak atera genituen eta igandetik Jokinen eta Martijaren aurkako partidan ari gara pentsatzen».

Marriezkurrenak onartu du aurkariak «faborito direla txapela janzteko», eta Jakak argi du: «Hau galduz gero, ia-ia kanpoan egongo ginateke. Ligaxka honek ematen duen komodina gastatu dugu, bi partida geratzen zaizkigu eta gure buruan lehenik eta behin, asteburu honetako irabaztea dago; eta gero ondorengoan pentsatzen jarriko ginateke. Asteburu honetakoa final bat da».

Aspeko bikotean, Martijak badaki partida gogorra izango dela igandekoa. Gainera, ez du aurkaririk erosoena izango atzeko koadroetan. «Mariezkurrenaren aurka jokatzea ez da erraza izaten. Oso momentu onean dago, asko ematen dio pilotari eta askotan tokatzen zaizu hor atzean sufritzea. Ohituta nago honelako partidak jokatzea, ongi nago, konfiantzarekin, ez dugu inongo arazorik eta ahaztuta dugu azken partida. Nik, behintzat, gogo handia dut partida jokatzeko».

Altunak beste modu batean ikusi nahi du igandeko neurketa. «Ez dut igandeko partida galduz gero kanpoan egongo bagina bezala hartzen; baizik eta bi partidak irabazten baditugu, finalean gaudela», azpimarratu du.