Alba Garcia Martin Sumarreko lehendakarigaiak «Sumar eredua» aldarrikatu du larunbat honetan, zerbitzu publikoen, ekologismoaren eta justizia sozialaren defentsan. Beste indar aurrerakoi batzuen eredua, hala nola, EH Bildu eta PSErena «zaharkitua» dagoela adierazi du.
«EH Bilduk EAJren eskutik joan nahi badu eta Andueza jaunaren ideiarik modernoena denok zezenketetara joatea bada, hemen dago Sumar, publikoa, berdea eta justizia soziala defendatzeko», azaldu du.
Lehendakarigaiak Sumarrek Bilbon duen egoitzan militantziarekin egindako topaketan iragarri du Yolanda Diazek Sumarren estatu mailako koordinazio talderako aurkeztuko duen zerrendan egongo dela. Alderdiak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan egin behar dituen topaketetan lehena izan da gaur goizean Bilbon egindakoa. Arratsaldea, Donostian izango da topaketa.
Lander Martinez Sumarreko Bizkaiko diputatuarekin batera izan da Garcia Bilbon, laster Sumarren Estatuko batzarrean bozkatu ahal izango diren dokumentuak eztabaidatzen. «Guretzat Sumarren eraikuntza oso prozesu garrantzitsua da, datozen urteetarako etorkizun politikoa izateko aukera ematen baitigu, baita Sumarren garapenean aurrera egiteko ere estatu osoan, eta kasu honetan bereziki Euskadin», adierazi du.
«Oraina eta etorkizuna helburu dituen proiektu bat izatea funtsezkoa da euskal gizartea ordezkatu nahi duen edonorentzat. Eta Sumarren badugu. Mende honetako erronkei mende honetako irtenbideekin aurre egitea ahalbidetzen diguten ideia berriak, freskoak, dituen proiektua, trantsizio ekologikoaren aldeko apustu sendoa izan daitekeena», adierazi du.
Sumarrek euskal politikan duen paperari dagokionez, Garciak proiektuaren balioa azpimarratu nahi izan du, «dena aldatu nahi dutela dioten arren, ezer aldatu ez dadin nahi dutenen aurrean». «Aldaketak nahi ditugu eta berehala nahi ditugu», gaineratu du.