Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak Pedro Sanchez espainiar Gobernuko presidentea aurrekontuak adosteko «nahikoa azkarra» izatea espero du. Izan ere, uste du aurrekontuok aurretiaz hitzartu ezean «giroa berotu» egingo dela eta «suizidioa» litzatekeela.
Estebanek transferentziei buruzko ekitaldi batean parte hartu du larunbat honetan Irunen. Bertan, Amnistiaren Legeari buruzko akordioak aurrekontuak onartu ahal izateko bidea erraztu ote duen galdetuta, erantzun du bere ustez akordio hori gabe legealdia «hondoratu» litekeela, «Junts alderdiak egin duen adierazpenaren arabera».
Diputatu jeltzaleak aurrekontuek duten garrantzia azpimarratu du, eta adierazi du ez dakiela «Gobernuak azkenean zer asmo izango duen, orain aurkeztuko dituen edo 2025era begira izango den».
Bere ustez, legegintzaldiari jarraipena eman nahi bazaio «funtsezkoa» da; horretarako, guztien botoak beharrezkoak izango direla esan du. «Denok negoziatu eta ados jarri beharko dugu», ohartarazi du.
EAJ espainiar Gobernuarekin jada hizketan ari dela aurreratu du, nahiz eta oraindik ez duten ezer itxita: «Tarte handi xamarra geratzen zaigu». Hori dela eta, Pedro Sanchezen Exekutiboak «gauzak nahiko lotuta» eraman beharko lituzkela nabarmendu du, «talde bakoitzarekin nola dagoen ikusi eta segurtasuna duen momentuan aurkeztu» aurrekontuak.
Estebanen ustez legegintzaldian aurrera egiteko mugarri batzuk gainditu behar dira, «aurrekontuena oso garrantzitsua da, horrek markatuko du legegintzaldia». Hala ere, perspektibarekin jokatu behar dela uste du, izan ere, lau urtean gauzak asko aldatu daitezkeela uste du.
Hiru transferentziren gauzapena, astelehenean
Datorren astelehenean gauzatuko dira espainiar Gobernuak Lakuari emango dizkion hiru tranferentziak. Akordioak Aldiriko Trenen, Atzerriko Unibertsitateko Tituluen Homologazioaren eta Migratzaileen harrerarako transferentziak gauzatzea jasotzen du. Estebanek azpimarratu du oso garrantzitsua dela lortutako akordioa, «EAJren eta PSOEren arteko itunean ezarritako epean zehaztu baitira», eta gaineratu du «euskal gizarte kohesionatuagoa izateko eta euskal erakundeak kudeatuko dituzten zerbitzuetan eta funtzioetan hobekuntzak egiteko» balioko dutela.
Bakartxo Tejeria Gipuzkoako zerrendaburua ere bertan izan da, eta «zerbitzu publikoak indartzen jarraitzeko konpromisoa» agertu du. Halaber, euskal erakundeen sorreran eta sendotzean lau hamarkadaz buru zan direla nabarmendu nahi izan du: «Osasuna, hezkuntza, gizarte-ongizatearen sistema… guztion artean eraiki dugun eredu sozial horri esker, gaur egun, giza garapenaren indizeak munduko lehen 15 herrialdeen artean kokatzen du Euskadi».