2004 martxoaren 11n Madrilgo aldirietako trenetan eztanda egin zuten lehergailuek 193 hildako eta 1.800 zauritu utzi zituzten. Bi hamarkada igaro dira, baina inork ez du ahaztu eraso jihadista.
Astelehen honetan biktimen memoria aldarrikatzeko ekitaldiak izan dira Madrilen, eta erakundeetako ordezkariek hitza hartu dute gertatutakoa gogoratzeko.
Hala, Espainiako Gobernuko Barne ministroa den Fernando Grande-Marlaskak lanean jarraitzeko beharra azpimarratu du, biktimek aldarrikatzen duten memoria eta duintasunaren alde.
Angel Victor Torres Memoria Demokratikorako ministroak ere gogoratu du gertatutakoa, eta kritikatu egin ditu PPk zabaldu zituen «gezurrak».
Yolanda Diaz bigarren presidenteorde eta Sumar alderdiko buruak ere PPko Gobernuaren jarrera izan du hizpide eta gizartearen amorrua nabarmendu du. «Ez dugu ahaztuko», ziurtatu du.
PPko presidentea den Alberto Nuñez Feijook uko egin die kritikei, eta «terrorismoaren zitalkeriaren» aurka agertu da sare sozialen bidez zabaldutako mezuan.
Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteak eta Jose Luis Martinez-Almeida Madrilgo alkateak erasoak gogoratu dituzte, polemika saihestuz. Baina hainbat erakundetan PPren gobernukide den Vox alderdiko ordezkariek konspirazioaren teoriari heldu diote, «egia» aldarrikatuz.
Europaren mezua
Europar Batzordeak ere agiri bat argitaratu du biktimak oroitzeko. Ursula von der Leyenek «batasun hautsezina» azpimarratu du, «bakea, errespetua eta elkartasuna» goraipatuz.
«Biktimen oroimena iraungo du», esan du.