Amalur Artola
Amalur Artola Kulturako koordinatzailea / coordinadora de Cultura

Hiru atal berri batuta, euskarazko antzerkigintzaren datu-base zabalena da Ganbila

Antzerkigileei, konpainiei eta estreinaldiei eskainitako atal bana estreinatzearekin batera, euskarazko antzerkigintzaren datu-base zabalena bilakatu da Ganbila. EHAZE eta Susak sustatutako proiektu honek euskarazko antzerkigintza goratu eta ikerketarako bidea ireki nahi du, aldi berean.

Susa eta EHAZEko ordezkariak, aurkezpenean.
Susa eta EHAZEko ordezkariak, aurkezpenean. (Andoni Canellada | FOKU)

Euskarazko antzerkigintzak badu gaur zer ospatua. Susa argitaletxea eta EHAZE antzerkizaleen elkarteak elkarlanean sortutako Ganbila proiektuak dimentsio berria izango du hemendik aurrera, ganbila.eus webgunean txertatu dituzten hiru atal berriei esker: antzerkigileen zubitegia, antzerki konpainien zubitegia eta estreinaldien zerrenda atalak batuta, euskarazko antzerkigintzaren datu-base handiena bilakatu da.

Ganbila bilduma 2019an sortu zuten aipatu eragileek euskarazko antzerki obrak idatziz argitaratzeko eta hiru urte beranduago, 2022an, eratu zuten ganbila.eus webgunea, euskarazko antzerkigintzaren inguruko dokumentazio lan ahalik eta osoena biltzeko bokazioz.

Atal berrien aurkezpenean EHAZEko ordezkari Maite Aizpuruak nabarmendu duenez, Ganbila bildumaren aterpean 23 liburuk ikusi dute argia eta webguneak, aldiz, 167 antzerki obra, 1054 artikulu (kritikak, kronikak, elkarrizketak eta erreportajeak), 43 antzezlan oso, 87 teaser eta trailer eta 4 antzezlanen zati biltzen ditu momentuz. Astelehen goiz honetan aurkeztu dituzten hiru atal berriekin, bestelako dimentsio bat hartu du proiektuak.

Oier Guillan EHAZE eta Susako kideak eman ditu atal berrien azalpenak. ‘Estreinaldiak’ atalak euskaraz estreinatu diren antzezlanen zerrenda eskaintzen du, «eta ideia da denborarekin geroz eta atzerago egitea, historikoa osatuz. Hau orain arte egin gabeko lan bat zen», jarri du balioan, ariketarekin sortzen den datu-basea eta bertatik atera daitekeen ikerketarako materiala goratuz.

Bigarren atala, ‘Egileak’, egileen zubitegi bat da: hau da, egileen bilatzaile bat, non alfabetikoki ordenatuta autore bakoitzak parte hartu duen antzezlanak eta horietan izan duen lana zerrendatzen diren. Parte hartu duen antzezlan horiei buruz argitaratu diren elkarrizketa, erreportaje, kritika eta kronikak ere klik bakarrean jaso ahalko ditu bisitariak. «Zubi lan handia da, azken 30 urteotako estreinaldiak azaltzen baitira; hor dauden antzezlan guztietako fitxak erregistratuta daude eta izen guztiak estekatuak, beraz, eskaintzen den datuen zabalera, imaginatuko duzuenez, oso handia da», jarri du balioan Guillanek.

Hirugarren nobedadea ‘Konpainiak’ atala da. Antzezleekin egin bezala, konpainien direktorioa osatu dute, sortu dituzten edota parte hartu duten antzezlanen zerrendarekin eta horien gainean argitaratu diren artikuluetarako loturekin.

Guillanek datu bilketa honen eta direktorioa publikoaren esku jartzearen garrantzia nabarmendu du. Euskarazko antzerkigintzaren sektoreak teatro dokumentazio zentro baten beharra urte luzez aldarrikatu duela ekarri du gogora, «orain arte lortu ez dena eta, kasu honetan, modu digitalean behintzat egiten hasi garena».

Euskarazko antzerkigintzaren gaineko begirada berria

«Proiektu honen helburua izango litzateke euskarazko teatrogintzaren inguruko datu-base ahalik eta zehatzena eta osoena eskaintzea eta tresna hori jendearen esku uztea, ikerlarien, kazetarien, programatzaileen, kultur eragileen, antzerkigileen eta nahi edo behar duen ororen esku», laburbildu du Guillanek eta dokumentazioa, iragana artxibatzeko ekintzaz gainera, orainean eragiteko eta etorkizunera proiektatzeko modu bat ere badela aldarrikatu du, orain artean euskarazko antzerkigintza «oso sakabanatua» egon dela azaldu eta horrek euren lana ezagutzera eman eta programatuak izateko «zailtasun handiak» ekarri dizkiela gogoratuz: «Gezurra badirudi ere, euskarazko antzerkigintzaren parte handi bat ezezaguna da Euskal Herriko kultur eragile eta programatzaile askorentzat eta, ondorioz, sarritan euskarazko antzerkigintzaren inguruan aurreiritziak nagusitzen dira. Urgentea da euskarazko antzerkigintzari lutzatzen zaion begirada aldatzea», ziurtatu du.

Donostian DFeria antzerkigintzako azoka abiatu den egun berean aurkeztu dituzte ganbila.eus webguneko atal berriak eta Guillanek erreferentzia egin dio euskal konpainientzat garrantzitsua den erakusleiho horri. «Euskal Herriko merkatu ezagunenetakoa den honetan euskara ia desagertua dago. Lan bikaina egiten dute bertako arduradunek eta gure aitortza egiten diegu, baina gure sektorean sarritan galdetzen dugun zerbait da: aparteko antolakuntza batekin nola da posible euskara aparte egotea horrelako jaialdi edo merkatu batean?», galdegin du.

Euskarazko antzergikintzaren gaineko begirada aldatzeko tresna bezala ikusten du Ganbila Guillanek, «begirada aldatzekoa antzerkia sozialki irakurtzeko dugun moduan eta kultur politikak kudeatzeko dugun moduan».