NAIZ

Isunak eskatu dituzte Baionan epaitu dituzten Ostia sareko lau lagunentzat

Berdin Bouygues enpresako abokatuak zein fiskalak isunak eskatu dituzte Kanbon aurreikusitako higiezinen egitasmoa salatzeko Angeluko agentzia batean protesta egiteagatik Baionan auzipetu dituzten Ostia sareko lau lagunentzat.

Jende anitz bertaratu da lau auzipetuei sostengua adierazteko auzitegiaren aurrean antolaturiko ekimenera.
Jende anitz bertaratu da lau auzipetuei sostengua adierazteko auzitegiaren aurrean antolaturiko ekimenera. (Patxi BELTZAIZ)

Bouygues enpresako abokatuak orotara 24.732 euroko isunak eskatu ditu astearte arratsalde hobnetan Baionan epaitu dituzten Ostia sareko lau lagunentzat. Fiskalak, bere aldetik, mila euroko isuna galdetu du auzipetu bakoitzarentzat, erdia ordaintzeko beharrik gabe.

Defentsak, ordea, errugabetzea galdegin du.

Heldu den maitzaren 14an emango du Baionako auzitegiak bere erabakiaren berri, ‘Mediabask’ hedabideak aurreratu duenez.

Auzipetuek ehun bat lagunen sostengua jaso dute Baionako auzitegiaren aurrean, eta han izan dira, besteak beste, Lurzaindia elkarteko eta ELB sindikatuko kideak zein EH Baiko ordezkariak.

Epaiketa gelan, lau auzipetuek eskatu dute euskaraz deklaratzea. Haien eskaera baztertu eta itzulpen zerbitzurik jarri ez den arren, auzipetuak euskaraz mintzatu dira.

Bouygues enpresak Kanbon egin nahi duen higiezin egitasmoaren aurka egiteagatik epaitu dituzte lau ekintzaileak.

Ekintzaren nondik norakoak

«Maketa bat hondatzeagatik hainbeste medio». Hitz horiekin salatu zuen NAIZ Irratiko mikrofonoetan ekintzaile horietako batek Jakes Bortairuk, Marieniako lurretan etxebizitzak egiteko egitasmoa salatzeagatik beraien kontra joan zen urtean agindutako polizia-operazioa.

Joan zen azaroaren 7an, goizean goiz, lau herritar horiek atxilo hartu zituen frantses Poliziak.

Libre gelditu ostean, higiezinen proiektua salatzeko eginiko ekintza batean parte hartzea egotzita auzia egingo zietela jakinarazi zieten lau ekintzaileei.

Kanbon, Itsasun eta Baionan garatu zuen Poliziak Ostia sareko jarduerak jomugan jarri zituen aipaturiko operazioa.

Lehen herrian Janine Beyrie atzeman zuten eta Itsasun, berriz, Filipe Laskarai. Jakes Bortairu eta Dominika Daguerre, berriz, bikoteak Baionan duen etxean atzeman zituen Poliziak.

Astearte honetan eginiko auzian Marieniako laborantza lurretan eraiki nahi duten etxebizitzen multzoa irudikatzen duen maketaren gainean lurra eta lastoaz estaliz eginiko ekintza egotzi diete.

Ekintza horren bidez egitasmoa lurperatu nahi izan zuten sinbolikoki. Behin maketan agertzen ziren etxetxoak estali zituztelarik, lurra busti eta gainean eraikinen ordez abereen panpinak ezarri zituzten ekintzaileek, era horretan lur eremua laborantzarentzat aldarrikatuz.

‘Marienia Ez Hunki!’ lelopean burutu zuten Ostia sareko ekintzaileek protesta ikusgarria.