NAIZ

Selekzioaren partidak «itxaropena» piztu du baina seriotasuna eskatzen du ‘Gu ere bai’ ekimenak

Euskal Selekzioak Uruguairen aurka jokatuko du hilaren 23an, San Mamesen. Lau urteren ostean zelaira itzuliko da gizonezkoen selekzioa eta hitzordu garrantzitsu hau, «inflexio puntua» izan daitekeela uste du ‘Gu ere bai’ ekimenak baina horretarako, «seriotasunez» jardutea ezinbesteko ikusten du.

Euskal Selekzioak Ipuruan jokatu zuen bere azken partida, 2020ko azaroan, harmailak utzi zeudela.
Euskal Selekzioak Ipuruan jokatu zuen bere azken partida, 2020ko azaroan, harmailak utzi zeudela. (Raul BOGAJO | FOKU)

Hamar egun besterik ez da geratzen gizonezkoen Euskal Selekzioa berdegunean ikusteko, jokatu zuen azken partidatik kasik lau urte igaro direnean. Marcelo Bielsak zuzendutako Uruguai izango du aurkari, arerio benetan berezia euskaldunentzat, bi herrialdeen arteko harreman estua dela-eta.

Hala, ‘Gu ere bai’ ekimenak, bere iritzia plazaratu nahi izan du, bere iritziz «inflexio puntua» izan daitekeen lagunarteko honi begira. Horretarako, baina, «seriotasuna» eskatzen du. Era berean, partida honekiko atxikimendua erakutsi dute eta «ofizialtasunaren alde diharduten eragile guztiei» dei egiten die martxoaren 23an San Mamesera gerturatu daitezen.

«Tourrak Euskal Herria zeharkatu zuenean gertatu zen bezala, eta nazioartean partida honek izan dezakeen oihartzuna kontuan hartuta, abagune paregabea da herri bat garela eta gainerakoekin batera ofizialki lehiatu nahi dugula aldarrikatzeko», adierazten du ‘Gu ere bai’  dinamikak helarazitako oharrak.

Abagunea aproposa izanagatik ere, kontziente dira Euskadiko Futbol Federazioaren utzikeria, ofizialtasunaren bidean urrats sendoak emateko, agerikoa izan dela azken urteetan. «Abagune franko izan ditu Federazioak euskal futbolaren 2018ko asanbladaren aginduak –Durangon aho batez onartu zirenak– betetzeko, ofizialtasunaren aldeko taldeekin oraina eta etorkizuna lantzeko, euskal zaleen nahiak asetzeko eta, finean, aurreko Batzordeak eman zituen urratsei jarraipena emateko», ohartarazi dute.

Gogoratu behar da, 2020ko abenduan, Durangoko asanbladatik bi urte bete zirenean, FIFA eta UEFAren egoitzara hurbildu zirela Federazioko kide eta Lakuako Gobernuko ordezkariak, Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren eskabidea erregistratzera. Hain justu ere, mugimendu estrategikoa izan zen, Luis Mari Elustondoren agintetza bukatzear zegoela egin baitzuten.

Urtarrilean egin ziren hauteskundeak eta Javier Landetak hartu zuen presidente kargua. Ordutik, gizonezkoen Euskal Selekzioak ez du partidarik jokatu; azken aldiz, 2020an zelairatu zen, Ipuruan, Costa Rica 2-1 mendean hartuta. Emakumezkoen kasuan, inprobisazioa agerikoa zen hitzordu bat zehaztu zuten, 2022ko abenduaren 20an, Txileren aurka.

Nazioartean hasitako bidea, «zokoratuta»

‘Gu ere bai’ dinamikak, gainera, aurpegiratu dio, kargua hartu zuenetik ez duela herri plataformekin eta zaleekin «inolako hartu emanik eduki» eta «nazioartean hasitako bidea zokoratu baino ez duela egin, inolako azalpenik eman gabe».

Hala eta guztiz ere, herri plataforma hau partidara begira jarri da eta Euskal Selekzioari «babes osoa» eskaini nahi izan diote, kalean zein zelaian, «betiere seriotasuna ezinbestekotzat hartuz, partidako deialditik hasita».

Polemikarako tartea ere izango da Jagoba Arrasatek aurkeztuko duen deialdiarekin, ikusteke baitago Espainiako Selekzioak zein deialdi osatzen duen eta horrez gain, jokalari zerrenda baldintzatua egon daiteke Athleticek, apirilaren 6an, jokatzen duen Kopako finala dela-eta.

Bitartean eta aurrerantzean, «euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko mahaia osatzea» eskatzen du ‘Gu ere bai’ ekimenak, lankidetza bat sustatu –Federazio, euskal erakunde publiko, klub, jokalari eta selekzioaren aldeko eragileen artean– eta «ofizialtasunaren aldeko bide orria elkarrekin diseinatu eta lantzeko». 

Iñigo Cabacas Herri Harmaila ez du partida babestuko

Iñigo Cabacas Herri Harmaila urrats bat harago joan da eta adierazi du ez duela babestuko «agintari ustel hauen kudeaketa ilun eta interesatua zuritzea helburua besterik ez duen partida iruzur hau». Argudiatzen dute ez dela kasualitatea Uruguairen aurkako partida hau, lau urteko hutsunearen ostean, Federazioan, 2024ean, egin behar diren hauteskundeen aitzakiarekin antolatua izan dela. Lau urte hauetan «herriarekiko eta gizartearekiko sentsibilitate falta» agerikoa izan dela kexu dira, ez baitute lankidetzarik sustatu ofizialtasunaren aldeko herri plataformekin.

«Ofizialtasunaren aldeko benetazko pausoak ematea bultzatuko duen aldarrira batzeko» gonbidea luzatu diote euskal jendarteari; zelai barruan zein kanpoan ozen eta argi entzun dezatela gure oihua», adierazi dute.

Iñigo Cabacas Herri Harmailaren jarrerak talka egiten du asteburuan Euskal Herria Kirolak ekimenaren adierazpenarekin eta beste euskal zaletuek kaleratu zuten agiriarekin, zeinean San Mameseko partidara bertaratzeko deia egiten duten, Futbol Federazioaren kudeaketaren aurrean irakurketa kritikoa egitearekin batera. «Kontziente gara federazioaren eta gure arteko interesak kontrajarriak direla, eta gaur egungo agintariek ez dutela inondik inora ere gehiengoaren borondate nazional eta politikoa ordezkatzen», baina era berean «jai eta borrokarako egun aproposa» delakoan daude.