Alaia Sierra

Ehun elkarte eta eragile baino gehiago atxiki dira osasun publikoaren aldeko mobilizazioetara

Datorren martxoaren 16rako osasun publikoaren alde deitutako manifestazioetara 120 elkarte, eragile eta alderdi politikoren atxikimendua lortu dute. Bilbon Jesusen Bihotzetik abiatuko da, 12.00etan; Gasteizen Bilbo plazatik, ordu berean, eta Donostian Boulebardetik, 17.00etan.

Manifestazioaren atxikimenduen berri emateko Gasteizen emandako prentsaurrekoa.
Manifestazioaren atxikimenduen berri emateko Gasteizen emandako prentsaurrekoa. (Endika PORTILLO | FOKU)

120 elkarte, eragile, sindikatu, gizarte mugimendu eta alderdi politikok babesa eman diete Osasun Publikoa Aurrera (OPA) Herri Plataformak datorren martxoaren 16rako Bilbon, Gasteizen eta Donostian deitutako manifestazioei.

Besteak beste, honako hauek egin dute bat deialdiekin: Alternatiba, Salhaketa, Berri Otxoak, CNT Sindikatua, EH Bildu, ELA, ESK, Eusko Alkartasuna, Ezker Anitza, Kakitzat, LAB, Mugarik Gabe, Podemos-Ahal Dugu, Satse, CGT, Sortu eta UGTk.

Honen berri emateko eta mobilizatzera deitzeko Gasteizen eskainitako prentsaurrekoan –Barakaldon eta Tolosan ere egin dituzte agerraldiak– Amaia Etxebarriak eta Koldo Lopez de Viñasprek egungo osasun sistemak jarraitzen duen eredua «pribatizazioaren eredua, behin-behinekotasunarena eta osasun pribatura bideratzearena» dela salatu dute.

«Beste herrialde eta eskualde batzuetako esperientziak erakusten digu publikoa bere eredu neoliberalaren arabera kudeatzeak porrota, hondamena, gizarte pobrezia eta desberdintasuna baino ez dituela ekartzen», gaineratu dute.

Deitzaileen ustez Lakuako Osasun Sailak «Administrazio Kontseilu opaku eta ez demokratiko gisa» eta herritarren iritzia kontuan hartu gabe funtzionatzen duenez, «parte-hartze politikorako dugun eskubidea erabiliz, Osakidetzak gure osasun beharrei eraginkortasunez eta egoki erantzuteko lan egingo duen klase politiko bat» aldarrikatu dute.

Gasteizi dagokionez, Alde Zaharreko osasun zentro berriaren atzerapena, auzo horretan pediatrarik ez dagoela, Santiago Ospitaleko larrialdi zerbitzuaren itxiera eta San Martingo Etengabeko Arretako Gunearen itxiera gogorarazi dituzte.

«Osakidetza ez da beraiena. Gurea da. Erabiltzaileena da, langileena da. Eta argi daukagu bizirik iraungo duela, defendatzeko prest dagoen jendea egon bitartean», amaitu dute.

Bilboko manifestazioa Jesusen Bihotzetik abiatuko da 12.00etan, Gasteizkoa ordu berean Bilbo plazatik eta Donostiak Boulebardetik aterako dira manifestariak, 17.00ean.