Korrikaren bukaera ekitaldia hunkigarria bezain ikusgarria espero da, eta hori lortzeko galtzak bete lan aritu dira azken hilabeteetan Kattina Haran, Iparraldeko Korrikaren eta Korrika Kulturalaren Komunikazio arduraduna, eta Ibai Capot Thornary, azken eguneko ekitaldiaren arduraduna, beste hainbat boluntario eta euskaltzalerekin soinez soin elkarlanean.
Diotenez, gizabanako eta eragile asko izan dira festaren prestakuntza lanetan aritu direnak: «Iparraldeko AEKn lau pertsonako talde bat aritu gara azken eguna diseinatzen, baina AEKko langile guziak mobilizatu dira eta Gau Eskoletan ere aktiboki aritu dira laguntzaileak motibatzen, komunikazioa egiten eta beste hainbat zereginetan. Horrez gain, AEK kide ez diren beste laguntzaile batzuekin lan talde bat sortu genuen eta horiekin elkar lanean ari gara».
HAMAR URTEAN BEHIN
Esan bezala, egun handia eta gogoangarria izatea espero dute Baionako amaiera ekitaldiaren antolakuntzaz arduratu diren kideek. Hala ere, Haranek eta Thornaryk diote Korrikaren etorreraren aurreko unea emozio anbibalentez bizi dutela: «Alde batetik estresa eta presioa sumatzen dugu, lan aunitz dugulako. Nahiz eta denborarekin hasi ginen, denbora baino fiteago ezin gara joan. Baina bestalde, oso gogotsu gara Korrika ikusteaz eta bizitzeaz. Sortzen duen giroa senditzen dugu eta handitzen doa. Iparraldean batez ere, jendea loriatzen da azken eguna Baionan izaitea».
Bi arduradunen iritziz, esan bezala, Korrika bezalako ekimen erraldoi bat Baionara heltzea oso gertakizun garrantzitsua da. Izan ere, hamar urtetik behin bakarrik bukatzen da Ipar Euskal Herrian eta irrikaz itxoiten duten hitzordu garrantzitsua da eurentzat. «Euskarak behar duen tokia ematen dio Korrikak iparraldean eta Baionan. Ederra da ikustea hainbeste jende mobilizatzen duela eta denek aldarri bera dugula: euskaraz bizi nahi dugula, alegia».
Esan bezala, Harane eta Thornaryren arabera, Euskal Herrian, eta bereziki Ipar Euskal Herrian euskarak behar duen bulkada eman behar dio Korrikak, eta hizkuntzak arnasgune berriak irabaz ditzan lagundu. Izan ere, erdara erabat nagusi da oraindik ere Frantziako Estatuaren administraziopean dauden euskal lurraldeetan. «Nahiz eta euskaldunak badiren, hala ere, minoritate bat gara. Baionan eta kostaldean kanpotik heldu den jende aunitz bada eta euskalduntze gutti. Orduan ingurumena ez da hain euskalduna. Barnealdean euskara presenteagoa da, jendea euskaraz ari da eta ekitaldiak ere euskaraz izan daitezke. Baina, hala ere, orokorrean jende multzo ttipiegia da euskaraz bizitzeko, beraz, erdara aunitz entzuten da. Euskalduntzea ez da aski azkarra kanpotik heldu den jendearen kopuruaren arabera».
ENGAIAMENDUA ETA LANKIDETZA
Ondorioz, euskalduntze prozesu horretan ezinbesteko deritzote AEK-ren zeregina, nahiz eta erakunde horren lana soilik ez den nahikoa. Uste dutenez, hizkuntza sustatzeko eta biziberritzeko prozesuan premia-premiazkoa da eragile ezberdinen inplikazioa eta elkarlana. «Bistan dena da helduen euskalduntzea ezinbestekoa dela Euskal Herrian eta batez ere Iparraldean. AEKn profil aunitzeko jendea bada, erretretadunak, gurasoak edota gazte batzuk. Euskara ikasteaz gain, euskarazko kultura ere ezagutzen ari dira eta horrek euskara ikasteko eta erabiltzeko aukera bat gehiago ematen die ikasleei. Baina AEKz gain, beste erakundeek ere euskararen lekua indartu behar dutela pentsatzen dugu».
Zentzu horretan, eta erakundeek, publiko zein pribatuek, edozelako ekarpenik egiten ote duten galdetuta, biek hala biek zera diote: «Urtero Korrikarentzat Baionako erakunde pribatu eta publikoek ekarpen logistiko zein ekonomikoak egiten dituzte. Aurten bukaera ere bertan izango denez, lanketa desberdina izan da eta orokorrean gehienek parte hartzen dute ekonomikoki edota logistika arloan. Korrikak sortzen duen dinamika biziki ederra da eta jendea gogotsu da laguntzeko. Baionako Herriko Etxeko langileekin, bestalde, lanean ari gara bukaera eguna diseinatzen hasi ginen momentutik. Laguntza logistikoa ematen digute eta elkarlanean ari gara».
Bukaera besta:
• Kontzertuak 13:30ean hasita: Anje Duhalde, Ibil Bedi, Xutik, Xiberoots, Nakar, TOC, Frikun, SFM, AKTS... Karriketan: Ixtaklok, TopaTopiako batukada, Patxaranga, Patxi ta konpania...
• Haurren xoko goxoa: Bernat Etxepare lizeoko ikasle, Oreka zirko eta Gaiako animatzaileekin arratsaldez. 16:00tan Pontx pailazoa.
• Zikiro erraldoia 13.30ean Euskal Herriko Laborantza Ganbararen eskutik eta Kuxkuxtuk animaturik. Menua: hasierakoa, sasi ardi zikiroa eta ilarrak, ardi gasna, postrea, Irulegiko arnoa eta kafea. Txartelak (25 euro): www.denda.korrika.eus