Larunbatean Labritera joateko sarrera erosia zuten pilotazaleek azken orduko pizgarri bat izan dezakete, Aspek jakitera eman duenez, modako pilotaria den Javi Zabalak ordezkatuko baitu eskuineko eskuko arazoekin dabilen Peio Etxeberria. Sailkapenerako inolako interesik ez duen partida honetarako jakina zen Jon Mariezkurrenak ez zuela jokatuko pasa den igandean Bilbon eskua txikituta amaitu zuelako eta orain Peio Etxeberriak ere uko egin dio jokatzeari, bere kasuan martxoaren 31an jokatuko den finalean erabat osatuta egoteko asmoz.
Pizgarriak bilatzen hasita, Javi Zabala eta Jose Javier Zabaleta bezalako bi jotzaile handik elkarrekin egin dezaketena ikustea jaialdiko interes gune nagusietako bat izan daiteke, nahiz eta datorren astean Promozioko finala jokatu behar duen Iosu Eskirozentzat ez dirudien planik erakargarriena.
Logroñoko aurrelaria Binakakoa amaitu eta berehala hasiko den Buruz Burukoaren berrikuntza nagusietako bat izango dela baieztatuta, Aspeko aurrelaria txapelketa hau mimoz prestatzen hasia da, baina oraintxe pilotazaleek ikusi nahi duten pilotaria da eta Eibarko enpresak larunbateko estelarrean iragarri du. Jokatutako azken bederatzi partidak errenkadan irabazteaz gain, lehia horietan guztietan sekulako maila erakutsi du hamargarrena lortzen saiatuko Jaka-Eskirozen aurka.
Bosgarren ordezkapena
Larunbatekoa Zabalak txapelketa honetan egingo duen bosgarren ordezkapena izango da eta partida horietan guztietan ere, puntua lortu zuen ordezkatu zuen bikotearentzat. Lehena Sestaon izan zen, seigarren jardunaldian eta orduan ere Peio Etxeberriaren partez sartu zen, ultzamarrak eskuan egindako ebaki bategatik. 22-17 irabazi zieten Peña-Albisuri.
Ligaxkako azken hiru jardunaldietan, aldiz, Martijarekin batera aritu zen Altuna ordezkatzen eta lortutako hiru puntuak funtsezkoak izan ziren 2022ko txapeldunek igandean finalera sartzeko aukera izan dezaten. Jaka-Eskiroz, Artola-Imaz eta Peña-Albisuri irabazi zieten hurrenez hurren.