Zoro zoragarriez osatutako herritar uholdeak tantaz tanta, pausoz pauso, eramaten du Korrikaren testigua Euskal Herrian barrena 11 egunez 1980az geroztik. Hainbeste urte, herri eta kilometrok zenbat zirrara sortuko zituen euskaraz harro lasterka egin duten herritarrengan? Zurea kontatu nahi?
Martxan da, Irundik Baionarat, 23. Korrika ere, ‘Harro Herri’ leloarekin. Eta NAIZek eta AEK-k kanpaina berri bat abiatu dute, euskararen aldeko ekimen izugarriaren iraupen berbera izango duena: hamaika egun, martxoaren 14tik 24ra bitartean.
Hala, Artefaktuak bere makineria guztia martxan jarri du Korrikari eta bere protagonistei eskaintzeko. Egunero-egunero, NAIZeko irakurleak ekimen honen inguruko edukiak aurkituko ditu Artefaktuaren atalean. Besteak beste, Korrika posible egin zuten horien ahotsak jasoko ditu, ezagun zaizkigun pertsonen esperientziak, eta GARAren artxiboa arakatuko du, atzoko altxorrak gaur gozatzeko. Gehiago ere izango da, beraz, egunotan, adi Artefaktuari.
Bidaia honetan murgiltzeko, halaber, bidelagunak behar ditu Artefaktuak. Euskal Herriko eta herrialdetik kanpoko herritarrengan Korrikak sortu dituen zirrara horiek guztiak bildu nahi ditu, eta sentimendu, emozio, anekdota, bizipen eta esperientzien gordailu bat sortu. Irakurle, Artefaktuarekin Korrika egitera gonbidatu nahi zaitugu.
Zer egin behar da horretarako? Arakatu zure memoria eta argazkiak, eta konpartitu sare sozialetan Korrikak eragin dizun zirrara hori, bi traola hauek erabiliz: #Korrika eta #Artefaktua. Lekukoa eraman baduzu, euripean korrika egin baduzu, furgonetan izan bazara, kantu batek markatu bazaitu, Korrikaren edizioren baten petoa gordeta baduzu... kontakizun ale bakoitzaren ekarpenarekin zirrara kolektibo bat eragingo dugu.