NAIZ

Piarres Lafitteren artxibo osoa eskegi du Euskaltzaindiak bere webgunean

Euskaltzaindiak bere webgunean eskegi du Piarres Lafitte euskaltzale, idazle eta euskaltzain osoaren artxiboa. «Egundoko bilduma dokumentala» da Lafitterena, «ezinbestekoa Euskal Herriko euskalgintzaren historia ezagutzeko», aurkezpenean nabarmendu dutenez.

Lafitteren artxiboaren aurkezpena, Baionan.
Lafitteren artxiboaren aurkezpena, Baionan. (NAIZ)

Lafitte euskaltzale, idazle eta euskaltzain osoaren artxiboa bere webgunean jarri du Euskaltzaindiak. Erakundearen Baionako egoitzan egin dute aurkezpena ostegun honetan eta Andres Urrutia euskaltzainburua, Jean Baptiste Coyos euskaltzainburuordea, Aitor Maritxalar digitalizazioaren arduradun teknikoa eta Jean-Michel Barnetche Uztaritzeko apez eta Piarres Lafitteren ikasle ohia izan dira bertan.

Azaldu dutenez, alde batetik, Lafitteri zuzendutako gutunak eta kasu gutxi batzuetan berak idatzitakoak daude artxiboan, bai eta hainbat aldizkari eta proiekturen partaidetzan jasotakoak ere. Halaber, bere lanak jaso dira, hiru motatakoak: euskalgintzan, euskal literaturan eta Euskal Herriko historiaren ikerkuntzan sortutako lanak, editore gisa bideratutako hainbat edizioren dokumentuak, eta hainbat egileengandik jasotako dokumentuak, nagusiki ‘Herria’ aldizkarirako.

Gainera, Larresoro, Beloke eta Uztaritzeko seminarioetatik abiatuta, Ipar Euskal Herriko hainbat apaizen dokumentu sakabanatuak, eta, Ipar Euskal Herriko hainbaten tradizioari jarraituz, han-hemen jasotako bertsoak barne hartzen ditu Lafitteren artxiboak.

Clement Mathieu apezpikuaren eskariz eta haren finantzaketarekin osatu zuen Lafittek bilduma erraldoia, nagusiki Ipar Euskal Herriko jatorri askotako dokumentuak bilduz.

Piarres Lafitte (1901-1985) pertsonaia esanguratsua da Euskal Herriaren historian. 1945etik aurrera eta hil arte, Ipar Euskal Herriko euskalgintzaren erreferentzia nagusia izan zen, haren autoritatea eta itzala aho batez aitortuak zirela.

Bada, Euskaltzaindiaren webguneko atal berezitu batean kontsulta daiteke aurrerantzean Piarres Lafitteren artxibo osoa.