NAIZ

Beintza-Labaiengo aterpetxea ixteko arriskuan dagoela ohartarazi dute

Duela 35 urtetik martxan dagoen Beintza-Labaiengo Orbela aterpetxe-ostatua ixteko arriskuan dagoela ohartarazi dute hura kudeatzen dutenek. Udalak eskainitako konponbidea ez dela bideragarria uste dute.

Beintza-Labaiengo Orbela aterpetxea.
Beintza-Labaiengo Orbela aterpetxea. (Orbela-Beintza.com)

Beintza-Labaiengo Orbela aterpetxea duela 35 urtetik dago funtzionamenduan eta natura eta mendiari lotutako jarduerak ditu ardatz. Nafarroako lehenengoetako aterpe turistikoa izan zen.

Ostatu-aterpea kudeatzen duen familiak ohartarazi duenez, ordea, aterpetxea ixteko arriskuan dago. Heldu den urriaren 8an beteko ditu 35 urte eta 2030eko bukaera arte daukate kontratua. 

Donezteben egin duten agerraldian azaldu dutenez, Beintza-Labaiengo Udalak «hainbat tramite abiatu ditu eta horiek burura eramanez gero ostatu-aterpearen itxiera ekarriko dute, antolakuntza eta ekonomia bideragarritasun ezagatik».

Beintza-Labaienek 225 biztanle ditu eta mende honetan dagoeneko populazioaren %25 galdu du. «Inguruko beste herri batzuen antzera, badaki zer den negozio bat eta ostalaritza zerbitzu bat urrun dagoen herri txiki batean kudeatzea», nabarmendu dute Mikel Albisu eta Idoia Etxeberria aterpetxearen arduradunek. Horretarako, ostatuaren eta aterpearen bideragarritasuna bermatzeko turismoarekin lotutako jarduerak egin dituzte.

Gaur egun bost lagunek egiten dute bertan lan eta zazpi-zortzik udan.

Albisuk eta Etxeberriak ez dute ulertzen Udalaren jarrera eta uste dute honek eskaini duen konponbidea ez dela bideragarria, ezingo lituzketelako aterpean ostatu hartzen duten taldeentzako jarduerak antolatu.

Albisu eta Etxeberriari babesa adierazteko eta aterpetxea ez dadila itxi aldarrikatzeko agerraldian izan dira Xabier Zugarramurdi Arantzako aterpeko kidea; Amaia Juaniz Irungo Dunboa ikastetxeko irakaslea, Iñaki Sanzberro Baztango Mendigoizaleak taldeko kidea, Mikel Bango harakina, Zipriana Machiñena aterpeko langile eta Beintza-Labaiengo bizilaguna, Belen Urrutia Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteko ordezkaria, Beatriz Huarte Anapeh-Nafarroako Turismo Federazioko kidea eta Pili Telletxea CEINeko teknikaria.